Igarotako bidearen kronologia bat

Iñigo Legorburuk irabazi du Oihenart Aforismo Lehiaketa

'Itsasoa den basamortu urdinean' lanari esker lortu du saria Errenteriakoak.

aforismo

Antonio Casado da Rocha eta Iñigo Legorburu, sariarekin.

Euskal Herriko Unibertsitatearen Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak eta Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak Oihenart V. Aforismo Lehiaketa antolatu dute. Aurtengoan Iñigo Legorburu errenteriarra izan da irabazlea, laurogeita hamahiru aforismoz osatutako Itsasoa den basamortu urdinean lanarekin. Hala, diploma bat eta 600 euroko saria irabazi ditu Legorburuk. Bigarren postuan geratu da Juan Ramon Alberdi azkoitiarra, Soaren zirrikitutik lanarekin; diploma bat eta 400 euro irabazi ditu. Hirugarren aldiz parte hartu du lehiaketan Legorburuk, eta azkenean saria lortu izanaz oso pozik dago. Bertso paper eta literatura lehiaketetan trebatua da Legorburu, eta iaz elkarrizketa egin zion IRUTXULOKO HITZAk, Altzako Bertsopaper Lehiaketa lau aldiz irabazi ostean. Cristina Lasa Filosofia fakultateko irakaslea, Eider Rodriguez eta Juan Kruz Igerabide idazleak aritu dira epaile lanetan, eta Antonio Casado Da Rocha poeta hernaniarra arduratu da idazkari eta koordinazio lanaz. Aforismoak esaldi solteak dira, eta pentsamendu filosofiko bat jasotzen dute. Legorbururen “hitzen indarra eta ironia fina”, “hizkuntzaren aberastasuna” eta “elipsia erabiltzen erakutsi duen maisutasuna”, azpimarratu dute epaileek. Hona hemen Legorbururen aforismo batzuk: Deabruaren infernua, zerua da; poemak, barrura begira egindako selfie idatziak dira; Xalbador bertsolaria txistuak entzun behar izan zituen bertsolari arrakastatsua da…
HITZAkide HITZAkide