Abian da 51. Jazzaldiaren kartel lehiaketa
2016ko Jazzaldiaren kartela hautatzeko lehiaketa abian da. Jaialdia 2016ko uztailaren 20tik 25era bitartean egingo da, eta irabazleak bere diseinua milaka pertsonei helarazteko aukera izango du. Lanak Posterheinekenjazzaldia.com izeneko webgunean soilik aurkeztu ahalko dira; lehiaketaren Oinarriak ere webgune berean daude.
Lanak aurkezteko epea 2015eko abenduaren 9ko 11:00etatik 2016ko urtarrilaren 14ko 17:00ak arte egongo da zabalik. Irabazlea hautatzeko, Posterheinekenjazzaldia.com webgunean jendearen boto gehien jasotako 10 hautagaiak aukeratuko dira aurrez. Beste 10 kartel, Heineken Españak hautatuko ditu Heineken Jazzaldiarekin batera.
Kartel irabazlea hautatuko duen Epaimahaiak laster adieraziko diren hainbat arlotako kideak bilduko ditu. Haiekin batera izango dira Heineken Jazzaldiko antolakuntzako bi kide eta Heineken Españaren bi ordezkari.
Posterheinekenjazzaldia.com webgunearen bitartez finalistak hautatzeko bozketan parte hartzen dutenen artean Trinitate Plazarako bi abonu zotz egingo dira. 2016ko urtarrilaren 21eko 11:00etatik otsailaren 10eko 17:00ak arte eman ahal izango da botoa.