Elkartasun enkante bat egingo dute Etiopia Utopia elkartearen alde
Hamar artisten margolan bana Ebay atariaren bidez lortzeko aukera egongo da.
Aquarium, Tamayo paper denda, eta Etiopia Utopia erakundearen arteko elkarlanaren ondorioz, elkartasun enkante bat egingo dute, Etiopiaren alde. Hain zuzen ere, Zipristin izeneko jaia antolatu zuten Aquariumek eta Tamayok urriaren 24an, Bulebarrean. Bertan, hamar artistek margolan bana egin zuten, eta orain, lan horiek enkantean jarriko dituzte, bihartik abenduaren 20ra. Hain zuzen ere, Ebay atarian egongo da aukera sorkuntza horiengatik dirua eskaintzeko. Hala, diru gehien eskaintzen dutenek eskuratuko dituzte lanak. Bildutako diru guztia Etiopiako Tigray inguruarentzat izango da, Etiopia Utopia fundazioaren bitartez. Margolan guztiak ikus daitezke Zipristin.etiopiautopia.org webgunean.
Honako artisten lanak daude enkantean: Ainara Oskoz-en Utopia, Alberto Letamendiren Akelarre, Arantxa Orbegozorena, Iñigo Aristegiren Campos, Laura Esteveren Etiopia, Tomas Sobrinoren Reflejo, Victor Goikoetxearen La tierra prometida, Begoña Ameztoiren Mares y cielos, Dolo Marinaren Etiopia eta Arantxa Arratibelen Reflexioa.
Vicente Zaraguetaren omenez
Joan den zubian hil da Vicente Zaragueta, Donostiako Aquarium kudeatzen duen Gipuzkoako Ozeanografia Elkarteko presidentea. Oso gizon partehartzailea zen Zaragueta, eta gogoan izan dute enkantearen aurkezpenean: “Vicente gure patroia izan da; arraunkera luzea, sakona eta etengabea izan duena”, aipatu du Eugenio Tamayok. Vicentek eta Tamayok erabakitzen zuten urtero margolanen harira Zipristin Saria ematea norbaiti; eta Tamayok azaldu duenez, hemendik aurrera Zaragueta Saria izango du izena, presidente zenaren omenez. Bat baino gehiagok izan dituzte Zaraguetaren aldeko hitz goxoak aurkezpenean, eta Oscar Terol aktore donostiarrak, esaterako, irrintzi bat eskaini nahi izan dio.