Letaman gaztetxea, 20 urte bizirik
Irutxuloko Hitza Letaman gaztetxean izan zen urtemugari buruzko erreportajea egiteko. Duela bizpahiru urte hasi ziren Intxaurrondoko gaztetxeari berriz bizitza emateko lanean. Lehen urratsak motelak izan zirela azaldu zuen gaztetxeko kide Mikel Estombak: «Asanblada ireki bat egin zen, eta pixkanaka, kuadrillaka, jendea elkartzen hasi ginen. Auzoko gaztetxean presentzia izan nahi genuen». Azken aldian gaztetxea «itzalita» egon dela azaldu du Estombak, baina ikasturte berriarekin batera indarra hartzen hasiak direla jakinarazi zuen.
Kortxoenea gaztetxearen eraistea, Donostia 2016 kultur hiriburutza… Hausnarketa egiteko unea izan dela diote: «Nabaritu dugu Donostia krisi kultural batean murgildurik dagoela. Eraitsi berri duten Kortxoenea eta lagapena berritu nahi ez dioten Txantxarreka gaztetxearen kasuak ditugu».
Egoerari erreparatuta, Letamanek beste bide bat hartzea beharrezkoa zela erabaki zuten: «Bide indartsu bat egiteari ekin behar genion. Horregatik hasi genuen ikasturtea auzolan batekin, aro berri bat irudikatzeko. Indartsu eta gogotsu gaudela erakusteko».
2015. urtean hogei urte bete ditu Intxaurrondoko Letaman gaztetxeak. Donostian inoiz denboran gehien iraun duen espazio autogestionatua da. Letaman izena eraikin hartan izan zen goma fabrikaren izenetik datorkio. 1985an, Intxaurrondoko ikastola eraikin horretan egokitu zuten eta handitzeko lanak ere egin zituzten. 1995an, ikastola beste eraikin berri batera joan zenean, auzo horretako gazteek eraikina okupatu zuten, biltzeko eta antolatzeko leku baten premia baitzuten.
Larrotxene kultur etxearen ondoan dago gaztetxea. Egungo gune autogestionatuaren eraikina, ordea, ez da berdin mantendu –udalak Letaman fabrika zenaren eraikina eraitsi zuen, 2007an–. Izan ere, Letaman bi eraikinek osatzen zuten: Kafetax eraikina eta etxe prefabrikatuak.