Momo jainkosa inauteriei hasiera emateko gogoz dator
Otsailaren 4an hasiko dira jarduerak, eta 14an amaituko dira, Altzako Eltze festarekin.
Amara Berri, esaterako, Belle Epoque garaiaz girotuko dute. Ostiralean desfileak egingo dituzte Ibaeta, Intxaurrondo eta Bidebietan.
Larunbatean, Egiako Aitor Ikastola eta Denok Taldea konpartsen desfilea egingo dute eguerdian. Eta igandean, berriz, Gros eta Altzako auzotarrek hartuko dute lekukoa.
Auzoetako jarduerak hurrengo asteburua arte luzatuko dira. Izan ere, otsailaren 13an, larunbata, Intxaurrondoko haurrak aterako dira kalera, eta otsailaren 14an, igandea, Eltze festa egingo dute Altzan.
Inauteria goiztiar dator aurten, baina guztia prest dago mozorro festari hasiera emateko. Gidari lanetan ibili ohi den Momo jainkosa ere gogotsu dago. Errenteriako Odissey konpartsako Wendy Cerezo izango da aurten protagonista berezia, eta ondoan izango ditu bere hiru laguntzaileak: Saray Fuente, Ainara Laskibar eta Laura Plaza. Ostegunean jasoko ditu hiriko giltzak Momo jainkosak, Londres hotelean, 19:30ean.
Inauterietako beste protagonistak konpartsak dira. Hauek ere ostegunean aurkeztuko dituzte Illunben, 21:00etan. 25 konpartsa dira guztira, eta bakoitzak hiru minutu izango ditu euren jantziak eta koreografiak erakusteko. Aurkezpen horixe bera errepikatuko dute ostiralean Konstituzio plazan, 19:00etan.
Konpartsen desfile nagusiak, berriz, larunbatean eta igandean egingo dituzte. 17:00etan abiatuko dira Bulebarretik eta Erdialdeko kaleak zeharkatuko dituzte.
Txikienak igande goizean aterako dira kalera. 11:30ean abiatuko dira Bulebarretik, eta 12:15an Konstituzio plazan egingo duten emanaldi batekin amaituko dute.
Inauterien harira 75 jarduera antolatu dituzte hirian, eta guztiak ez dira Erdialdean garatuko. Izan ere, gainerako auzoetan ere hainbat desfile eta ikuskizun egingo dituzte.