Errotaburu eta Añorga lotuko dituen hirigintza proiektua aurkeztu dute
Ramosen esanetan, Errotaburuko biziberritze honi Añorgako bulebarizazioa gehitu behar zaio, eta ikuspegi orokor batetik aztertuta “birmoldaketa garrantzitsu bat” lortuko litzatekeela nabarmendu du.
Donostiako udala dagoeneko bildu da Infernuko pabiloien jabe batzuekin. Utzita dauden eraikin eta biltegiak botatzea da udalaren asmoa, eta ondo bidean, lan horiek aurten egingo dituztela esan du Ramosek. Hirigintza proiektuari dagokionez, berriz, lehen izapideak egiten hasi dira, baina datorren urte erdialdean abian jartzeko moduan izango direla uste dute.
Infernua izenez ezaguna den eremua bilmoldatzeko lanean hasi da udala. Etxebizitzak, hotel bat eta Antigua eta Añorga lotuko dituen oinezkoentzako ibilbide bat egitea aurreikusi dute.
Enrique Ramos, Hirigintza zinegotziak eman ditu xehetasunak prentsaurrean. Legealdi honetan egin nahi duten proiektu bat dela onartu du, eta hiriari “jarraipen bat” emateko egitasmoa dela nabarmendu du.
Gaur egun, Infernua deritzon eremua utzita dago, ez dago ia jarduerarik. PESA autobus konpainiaren pabiloia, biltegiak eta beste hainbat pabiloi daude. Autoen saltoki bat eta gasolindegi bat dira jardunean dauden bakarrak, eta horiek hor jarraituko lukete.
Hirigintza zinegotziak azaldu duenez, proiektu honetan 480 etxebizitza egitea aurreikusi dute, laupabost dorre altutan. Etxebizitza horien %60a babes ofizialekoa izango litzateke, eta gainerakoa librea. Etxebizitzen behealdean 5.000 metro koadro egokituko lituzkete lokal gisa erabiltzeko edo jarduera ekonomikoren bat abian jartzeko.
Hotel bat ere egin nahi dute, eta inguruko 16.000 metro koadrotan, bulegoak. Etxebizitza nahiz hotelaren eraikina “bereziak” izatea nahi du udalak: “inguruak horretarako aukera ematen digu, beraz, oraingoan arkitektura ausartago baten aldeko apustua egin dugu”, esan du Ramosek.
Bestetik, Añorgako errekaren bidea aprobetxatuz parke handi bat egingo dute, eta bide hori baliatuko dute ia bi kilometroko oinezkoentzako ibilbide bat sortzeko. Infernutik abiatu, Errotaburu zeharkatu, eta Europa plazaraino.