"Gizarteak protagonista bihurtzeko modu egoki bat da, herritarren ahotsa entzun ahal izateko", esan du Irabaziko Amaia Martinek herri kontsultari buruz.

EH Bilduko Axier Jaka eta Irabazi Donostiako Amaia Martin. (Argazkia: Lide Ferreira)
Uliako parkearen etorkizunari buruz herritarrei galdetzeko asmoz,
herri kontsulta bat erregistratu zuten aurreko astean EH Bilduk eta Irabazi Donostiak. Bada, gaurkoan bi taldeek prentsaurrekoa eman dute,
udal gobernuaren jarrera falta salatzeko. “EAJ eta PSE-EEren gobernuak ez du konpromisorik hartu, eta udalak ezin du isilik egon. Horrenbestez, euren jarrera argitzeko deia luzatzen diegu, euren erantzukizuna delako, eta
herritarrek jakiteko eskubidea dutelako“, adierazi du EH Bilduko zinegotzi Axier Jakak. Eskatzen dietena da herri kontsulta babestuko duten ala ez; “gardentasun ariketa bat besterik ez da”.
Herri kontsulta tresna eredugarri eta aintzindaria dela azaldu du Jakak, “demokrazian eta erabakiak hartzeko moduan sakontzen laguntzen duena”. Hori dela eta, “gatazkak” konpontzeko ere balio dezakeela uste dute EH Bilduk eta Irabazi Donostiak. Are gehiago, defendatzen dute herri kontsultek
berme guztiak eskaintzen dituela (informazio eskubidea; boto bat, pertsona bat; edo iritzia elkartrukatzeko eskubidea), eta bi ezaugarri nagusi dituela: herritarrek eurek egindako araudi bat dela, eta talde politikoek aho batez onartu zutela bere garaian. Ez lukete ulertuko herri kontsultari kontra egitea; horregatik,
herri kontsultaren alde egitea eskatu diote udal gobernuari: “Gizartea protagonista bihurtzeko modu egoki bat da,
herritarren ahotsa entzun ahal izateko“, nabarmendu du Irabazi Donostiako zinegotzi Amaia Martinek.