Egia Euskaraz batzordeko kidea oso pozik dago bizitakoarekin, eta lortutako emaitzekin.
Aitziber Gurutzeaga. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako esperientziak bizipen interesgarriak utzi ditu auzoan. Egia euskaraz batzordeko Aitziber Gurutzeagarekin egon da IRUTXULOKO HITZA, balorazio bat jasotzeko: “Egia esan, espero baino askoz baikorragoa izan da; eta zoriondu nahi ditugu parte hartu duten norbanako eta eragile guztiak. Astebeteko ariketa horrek balio izan du jarrera batzuk ikasteko; beraz, hau ez da bukaera izango, hasiera baizik”.
Partehartzea 350 lagunekoa izan da, eta guztien ekarpenak onak izan dira Gurutzeagaren hitzetan: “Bagenekien %100 euskaraz bizitzera ez ginela iritsiko, mugak ditugulako, baina, lortu duguna da euskara gehiago erabiltzea. Batetik, Jendearen kontzientzian eragin du, eta ez bakarrik partaideetan. Bestetik, norbanakoak bere ingurunean eragin du, denda batera joan eta euskaraz eskatzean, adibidez”. Gauzak hala, Euskaraz bizi zela uste zuena bere gabezietaz ohartu omen da, eta oso erraz jotzen zuela maiz gaztelerara, “Hori oso garrantzitsua da aurrera begira jarrera aktiboago bat hartzeko”. Hizkuntz komunitate bat trinkotu dutela uste du Gurutzeagak, eta iaurrera begira erabilera areagotzeko pausoak eman dituztela.
Pasarteen artean, aipatu du harridura aurpegiez gain, batenbatek pizzerian pizza euskaraz eskatu eta eskatutako hura iritsi zaiola. “Orain, esperientzia jaso nahi dugu, eta jakin nahi dugu aurrera begira partaideak zer egiteko prest dauden. Ondorioak atera eta ikusiko dugu zein beste kanpaina egin”.