Labore programaren barruan garatu du artistak bere lana, Ontzi Museoarekin elkarlanean.
Ontzi Museoan bertan proiektatu dute ikus-entzunezkoaren aurrerapena. (Argazkia: Lide Ferreira)
Donostia 2016k, Donostia Kulturak eta Donostiako Museo Sareak antolatutako programa da
Labore. Helburua da hainbat artistek hiriko museoetan euren proiektuak garatzea. Bada, batzuk euren azken fasean daude jada, eta gaurkoan artista horietako batek lana aurkeztu dute
Ontzi Museoan. Izan ere, Iñigo Salaberriak
Kaia ikus-entzunezkoaren aurrerapena eskaini du, beteta zegoen museoko ekitaldi aretoan.
Kaiarekin harremana duten pertsonak protagonista bihurtu ditu
Artistak azaldu duenez, filmak 50-60. hamarkadako Donostiako Kaiko arrantza jarduera egungo egoerarekin alderatzen du. Modu horretan, Salaberriak
Gentes de Mar (Carlos de los LLanos, 1957) dokumentaleko
irudiak hautatu eta egungo
elkarrizketekin tartekatu ditu. Pertsona horiek hiriko kaiarekin harremana dutenak dira:
Edurne Emezabal, Guillerma Iturriza, Ivan Burgaña, Joxean eta Miguel Vaqueriza anaiak, Manuel Oliden eta Trinido Vaqueriza.
Protagonista guzti horiekin solasaldiak izan ditu artista donostiarrak, eta igarotako garaien inguruko
oroitzapenak, memoriak eta aipamenak gogora ekartzen dituzte. Testigantza horiekin guztiekin ikus-entzunezko bat sortu du, eta horren aurrerapen bat eskaini die gaur Ontzi Museora bertaratu direnei.
Hamabi urterekin hasi zen arrantzan
Aurkezpenean bertan, elkarrizketatutako bi gizon izan dira:
Manuel Oliden eta Trinido Vaqueriza. Biei asko gustatu zaie ikus-entzunezkoa, eta bizitako garaiak gogoratzeko aukera izan dutela adierazi dute. “Hamalau urte ezin zan itsasora joan, baina niri hamabi urterekin agiri moduko bat lortu zidaten, eta halaxe hasi nintzen. Hori bai, aitak baldintza bat jarri zidan: egunero bueltatzen nintzenean, arratsalde gau partean ikastera joan behar nuela agindu zidan”, kontatu du Olidenek. Trinido Vaqueriza, berriz, ez zen arrantzalea izan, baina “familia eta arbaso guztiak” itsasoan izan zituen lanean: “Nire aitak teoria bat zeukan, eta zaparrak hartzeko eta itotzeko nahikoa zela bera esaten zuen. Itsasoko jendearekin hitz egin zuen, eta denek esaten zioten arrantzale izateko ideia niri burutik kentzeko. Orain obedientea izatea eskertzen dut, irabazten atera naiz”.