Martuteneko Arantzazuko Ama ikastolaren jolastokian ibiliko dira lehian.
Martuteneko Gaztelekuan egindako jardueretako bat. (Argazkia: Donostia.eus)
Opor garaian ere ez daude geldik egoteko moduan hiriko gazteak. Hala, seigarren urtez, Gaztelekuen arteko Olinpiadak antolatu ditu Donostiako Udaleko Gazteria Sailak. Ostegunean, martxoak 31, Martuteneko Arantzazuko Ama ikastolaren jolastokian elkartuko dira, 10:00etatik 15:30era.
Guztira, 13 eta 17 urte arteko 100 neska-mutil inguruk parte hartuko dute; eta 12 hezitzaile baino gehiago arituko dira ekimena dinamizatzen. Hainbat kiroletan egingo dituzte desafioak: futbola, saskibaloia, boleibol, curlinga… eta fruituez osaturiko hamaiketakoa dastatuko dute.
Jardueraren helburua garbia da, nerabeen artean bizitza ohitura osasuntsuak zabaltzea: kirola, ariketa fisikoa eta elikadura osasungarria; eta horrekin batera, partaidetza heziketa bultzatzea.
Aurten, gainera, kirol arloko klub eta erakunde askoren lankidetza jasoko dute: Reala, Gipuzkoa Basket, IDK Gipuzkoa, eta Txuri Urdin Izotz Jauregia. Hala, partaideen artean sarreren eta materialen zozketak egingo dituzte. Klub horietako jokalariren bat hurbilduko da sari-banaketara.