Parte Zaharreko ostatu kopurua mugatuko du Udalak
Hiri planeamendua ez da berdina Donostiako auzo guztietan. Berez, etxebizitzen lehen solairuak soilik bihur daitezke ostatu. Hau da, ostatu baten azpian ezin da bizitokirik egon. Muga hau hiriko auzo guztiek daukate, Parte Zaharrak salbu.
Bereizgarri hau epai baten ondorioz jakin dutela adierazi du Eneko Goia alkateak, eta bere desadostasuna adierazi du egoeraren aurrean. Horregatik, Parte Zaharra Birgaitzeko Plan Berezia aldatuko dute, ostatuen inguruko mugak berdinak izan daitezen hiri guztian.
Parte Zaharreko egoerak gogoetarako bide eman duela adierazi du alkateak: “Agian mugak jartzeko unea iritsi da, ez delako desiragarria hiriko gune jakin bat halako establezimenduz josita egotea. Erabat aldatzen du auzoaren izaera”, esan du.
Azken urteotan bisitari kopurua gora doa, eta horrek ostatu gehiago sortzeko grina sortu duela adierazi du alkateak, bereziki Parte Zaharrean. Eskaintza hori “kontrolatua eta hiriko beste gune batzuekin orekatua” izan dadin, neurriak hartuko ditu Donostiako Udalak.
Lehenik eta behin, Parte Zaharreko ostatuen erregistro zehatz bat egingo dute. Egoera aztertu, baloratu eta neurriak hartuko dituzte. Neurriak baino, ziurrenik mugak izango direla iragarri du alkateak, “saturazioa saihesteko”.
Ostatuekin batera, apartamentu turistikoak ere asko ugaritzen ari omen dira Donostian. Hala azaldu du Goiak, eta kontrolatzen zailagoak badira ere, horien jarraipena ere egingo dute.