Kontsulten araudiaren aldeko kontzentrazioa egingo dute
Hiritar kontsultak indargabetu dituztela eta, sinadurak biltzen hasi dira.
EAEko Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin du Donostiako galdeketa araua, Espainiako Estatuaren Abokatuak Donostiako galdeketa arauaren kontra jarritako inpugnazioa onartu ondoren. Erabakiak hainbat eragile eta herritarren kezka piztu du, eta herri kontsulten araua defendatzeko mobilizatzen hasi dira. Batetik, Change.org plataformaren bidez kontsultaren aldeko sinadurak biltzen ari dira. Bestetik, ostiralean egingo duten kontzentrazioan parte hartzeko deia zabaldu dute. Alderdi Ederren elkartuko dira, 19:00etan.
Kontsulten araudia baliogabetu dutela-eta, desadostasuna adierazi, eta herritarren adierazteko eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatu nahi dituzte. Gainera, Eneko Goia alkateari, eskura dituen tresna guztiez, kontsulten araudia defendatzeko eskatu nahi diote, baita zezenketei buruzko kontsulta egiteko ere.
Donostiako herri kontsulten araudia donostiarrek demokrazia zuzenerako sortutako tresna dela gogora ekarri dute: “Tresna horrek udal mailan eragiten diguten arazoez eta erronkez iritzia emateko eta erabakitzeko aukera ematen digu. Erregelamendu hau donostiarrek beraiek eta eragile sozialek sortu zuten, prozesu parte-hartzaile baten bitartez, eta sekulako aukera da herritarrek proposatutako galdeketak egiteko: sinadurak bilduta, 16 urtetik gorako guztiei udal eskumeneko gaiez galdetzeko aukera dago”.
Erlazionatutako edukiaZezenketen inguruan galdetzeko bide berriak aztertuko dituzte