Europako Txapelketan seigarren postuan geratu berri da arraunlari donostiarra, eta Basque Team-ekin kontratua sinatu du.
Ander Zabala, Olatz Legarza Basque Team-eko koordinatzailea eta Imanol Garmendia. (Argazkia: Basque Team)
Alemanian jokatutako Europako Txapelketan parte hartu du Imanol Garmendia arraunlari donostiarrak, joan den asteburuan. Timonelik gabeko aulki mugikorreko laukoan lehiatu da Espainiako Selekzioarekin, eta seigarren postuan geratzea lortu du. Hala, Olinpiar Jokoetan sartzeko bidean dabil; izan ere, bi aste barru jokatuko dute txartela.
Santurtziko Ander Zabala kidearekin batera sinatu berri du Garmendiak kontratua Basque Team-ekin. Akordio horren bitartez, bi arraunlariak sartu dira Basque Teamek goi mailako kirola sustatzeko duen programan.
1992an jaiotakoak dira bi arraunlariak, eta arraunketa olinpikoaren aldeko apustua egin zuten; hau da, tostako arrauna utzi eta aulki mugikorrari helbu zioten. Helburua lortuko balute, lehen aldiz arituko lirateke biak ere Olinpiar Jokoetan. Gaur egun, 4-LM pisu arineko kategorian lehiatzen dira biak ere. Orioko arraun elkarteko kideak izan arren, Sevillan entrenatzen igarotzen dituzte hilabete asko.