Metroaren proiektuari bultzada ematea adostu dute EAJ, PSE-EE eta PPk
Metroaren aurkako mugimenduak manifestazioa egingo du ekainaren 18an.
Satorralaia bizilagun taldeko hainbat kide udalbatzar aretoan izan dira, euren desadostasuna eta ezinegona adierazteko.
Metroaren aurkako jarrera hori erakusteko hainbat ekintza iragarri ditu Satorralaia taldeak. Larunbatean saio informatibo ikusgarri bat egingo dute Kontxako hondartzan. Hondartzaren azpian 320 metroko ibilbidea aurreikusten du Donostialdeko metroak, eta bide horixe irudikatuko dute. 17:30ean jarri dute hitzordu.
Bestalde, proiektua geldiarazteko sinadura bilketarekin ere jarraituko dute, eta ekainaren 18an manifestaziorako deia egin dute.
Donostialdeko metroaren proiektua “bide onetik” doala sinetsi nahi du PPk, baina “informazio falta, eta aurrerapauso gutxi” ikusten dituztela onartu du Jose Mari Murgiondo zinegotziak udalbatzarrean.
Hori dela eta, mozio bat aurkeztu du PPk; metroaren lanei bultzada eman nahi diote. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak euren konpromisoei heltzeko eta finantzaketaren berri emateko eskatu du PPk.
Eta epe ertainean emango dituzten pausoak zehazteko ere eskatu dute. Eskaera horietan bat etorri da udal gobernua, eta PPren mozioa onartu dute.
Metroaren proiektuak daraman atzerapena salatu du Mugiondok, baina “finantzaketa ezak” gehiago kezkatzen duela onartu du.
Eneko Goia alkateak, bere aldetik, Donostialdeko metroa “garraio publikoaren aldeko apustu garbia” dela nabarmendu du. Kontrako iritziei aurre eginez, “hirigunetik ibilgailu pribatuak aterako dituen proiektua” izango dela berretsi du.
Metroaren lanek hirian izango dituen eraginak direla eta, “jendea bizi den lekuetatik pasa behar du metroak, nondik ba. Ez al da akaso etxeen azpitik igarotzen metroa Altzan?”, esan du Goiak.
EH Bilduk kontrako jarrera erakutsi du, osoko zuzenketa bat aurkeztu baitute. Metroaren proiektua gelditu, eta mugikortasun ereduaren eztabaida jendartera irekitzeko proposamena egin du Axier Jaka zinegotziak.
Irabazi Donostiak ere bat egin du zuzenketarekin. Hiri mugikortasuna parte hartze prozesu baten bidez zehaztu behar dela uste dute, eta kasu honetan ez delako halako prozesurik errespetatu nabarmendu du Amaia Martin zinegotziak.
Bere aldetik, “Metroak ez du onarpen sozialik”, esan du Jakak, eta udalbatza aretoan bildu diren herritarrei egin die erreferentzia. Metroaren aurkako