"Metroa ez da beharrezkoa mugikortasuna hobetzeko"
Metroaren igarobideari alternatiba proposatu dio EH Bilduk. 200.000.000 euro metroaren igarobidean inbertitu ordez, mugikortasuna hobetzeko beste aukera batzuk badaudela uste du Axier Jakak.
Metroaren igarobidearen alternatiba proposatu duzue.
Donostialdeko Metroa eraiki nahi dute, baina kontuan eduki behar da gaur egun Donostian hamasei tren geltoki daudela, Altzan laster irekiko dutena kontuan hartuta. Arazoa da, geltoki hauek ez daudela elkarren artean lotuta. Garraio publikoak elkarlanean arituko diren eredu bat planteatzen dugu. Izan ere, metroak garraio publikoaren arteko lehia sustatzen du: ikerketek esaten dute erabiltzaileek gora egingo dutela, baina igoera hori beste garraio publikotako bidaiariekin lortuko dute; hau da, jendeak ez du garraio pribatua gutxiago erabiliko.
Proposamenean behin eta berriz aipatzen duzue herritarren parte hartzearen beharra.
Proposamenaren helburu nagusia eztabaida publikoa berpiztea da. Donostiako mugikortasun ereduari dagokionez hainbat aukera proposatu izan dira azken urteetan, baina inoiz ez da eztabaida kritikorik eman. Sindikatuekin, alderdi politikoekin eta eragile sozialekin hitz egin nahi dugu. EAJk eta PSE-EEk ez dute eztabaidatu nahi, ez dituzte alde onak eta txarrak konparatu nahi.
Garraio publikoen elkarlana aipatu duzu.
Donostiak garraio publiko ona du; baina Europako beste hiri batzuekin alderatuta oso lineala da. Guk bultzatu nahi duguna da Donostiako punta batetik bestera joan ahal izatea gehienez ontzi aldaketa bat eginda. Horretarako, garraio publiko bakoitzak bere operadorea izan beharrean denenentzat bakarra izatea gomendagarria litzakete, mota ezberdinetako garraio publikoen artean elkarlana sustatzeko. Gure proposamena da, gaur egun Mugi-rekin egiten dugun bezala, txartel bakarra erabili ahal izatea, eta ontzi aldaketa doakoa izatea.
Eta nola egingo duzue hori?
Garraio publikoa hiru mailatan banatzea planteatzen dugu: estrukturalak, hau da, garraio publikoaren bizkarrezurra marraztuko dutenak, gutxienez bost geltoki intermodalekin; osagarriak, bizkarrezurra osatzen lagunduko dutenak; eta azkenik, gertutasunezkoak, auzoetan bueltaka ibiliko direnak, adibidez Altzan.
Estrukturalei dagokionez, hiru trenbide sare egongo dira. Alde batetik Adif-Renfekoa eta bestetik Euskotreneko biak: Lasarte-Oria – Hendaia, eta Donostia – Bilbo. Gainera, azken hau Oiartzun – Bilbo izatea nahiko genuke. Proposamenetako bat da Euskotreneko trenbide sarea Oiartzuneraino luzatzea, horrela, Easoko geltokiak hasierako eta helmugako geltoki izateari uzteko.
Horiez gain, hainbat Bus Expres autobus lineak zeharkatuko lukete hiriburua. Hauek zenbait bereizgarri dituzte: errail propioa, edozein atetatik igotzeko aukera eta lehentasuna semaforoetan. Hau da, semaforoak berdean jartzeko gaitasuna dute. Autobus iraunkorrak dira, noski.
Zein da helburua?
Helburua maiztasun handiagoa lortzea da. Metroaren defendatzaileek soilik garraioan igarotako denbora hartzen dute kontuan, baina metro geltokira joaten eta handik helmugara iristen ere denbora behar da. Gure proposamenarekin herritarrek etxe ondoan izango dituzte geltokiak.
Geltoki intermodalak aipatu dituzu.
Geltoki intermodalak edo alda geltokiak oso garrantzitsuak dira gure proposamenean. Gutxienez bost egitea planteatzen dugu: Lugaritzen, Eason, Herreran, Atotxan eta Altzan. Alda geltoki hauetan autoentzako eta bizikletentzako aparkalekuak egongo dira. Asmoa da, jendea garraio publiko edo pribatuan alda geltoki horietara heltzea eta hortik beste garraio publiko bat hartzeko erraztasunak eskaintzea. Esaterako, probintziako jendea autoan etorriko balitz hiriburura, autoa hor utzi ahal izango luke eta egun bateko txartel moduko bat emango litzaioke trukean, horrekin hirian mugitu ahal izateko. Bestalde, alda geltokietan dutxak eta takilak jartzea ere egokia litzateke.
Zertarako?
Lugaritzen esaterako, industriagune ugari daude; jendea bizikletaz joan ahal izango litzateke bertaraino, eta han dutxak eta aldagelak izango lituzke, aldatu eta lanera joan ahal izateko. Europan halako asko daude, eta oso ondo funtzionatzen dute.
Metro igarobidearen kontrara, deszentralizazioa bultzezen duzuela diozue.
Metro igarobideak hiri erdialdean mugitzeko eta unibertsitatera joateko soilik eskaintzen ditu abantailak. EH Bilduk ez du uste mugikortasunean hainbeste diru gastatzea beharrezkoa denik, gaur egun badaude beste lehentasun batzuk, baina erakunde publikoak Donostiako mugikortasunean hainbeste diru inbertitzeko prest badaude, guk proposamen integralago bat egiten dugu, Donostiako biztanleen %90entzat onuragarria izango dena, eta ez soilik %10entzat edo %15entzat, metroaren kasuan bezala.


