Abuztock jaialdia egingo dute igandean Egiako parkean, «demokrazia, eztabaida eta adostasuna» lelopean. Hogeita sei gipuzkoar ezagunek hartuko dute parte.

Zubietako erraustegiak izan ditzakeen ondorioak salatzeko egindako mobilizazioa, joan den ekainekoa. Argazkia: GuraSOS)
Haurren osasunarekin kezkatuta dagoen guraso taldea da GuraSOS. Igandean Abuztock jaialdia egingo du Egiako parkean erraustegiaren inguruan “demokrazia, eztabaida eta adostasuna” eskatzeko asmoz.
Gizarteak proiektuaren inguruan eztabaidatzea eta akordioetara iristea da beraien helburua. Dena den, une honetan “gatazka demokratiko” baten aurrean daudela uste du Joxe Mari Izeta GuraSOSeko bozeramaileak: “Printzipioz hondakinen kudeaketaren inguruko gatazka nola konpondu eztabaidatzea zen helburua, baina orain gatazka demokratiko baten aurrean gaude. Parte hartze prozesua ukatu nahi digute”.
Parte hartze prozesua abiarazteko eskatu zion GuraSOS elkarteak uztaila hasieran Gipuzkoako Foru Aldundiari. Eskaerarekin batera 15.000 sinadura bildu zituzten. Uztailaren 28an ezezkoa eman zion aldundiak . Izetak azaldu du, denbora tarte horretan aldundiarekin bildu nahi izan zutela euren asmoen berri emateko: “Uztailaren 21erako zita eman ziguten eta egunean bertan abisatu ziguten azkenean ez zela posible izango biltzea”. Eskariari uztailaren amaieran uko egin izana ez dela “kasualitatea” uste du GuraSOSek. Izan ere, eskaeraren ezetzarekin batera erraustegiaren obren lizitazioa ere sinatu zuten.
Aldundiaren ezezkoaren aurrean GuraSOSek “presazko errekurtso bat” jarri zuen, uztaileko azken egunean. “Giza eskubideak urratzen diren kasuetan presazko errekurtsoak jarri daitezke, azaldu du”. Errekurtso hori ere ukatu egin zuen aldundiak; orduan, epaitegietara jo zuen elkarteak: “Azkenean, epaitegian esan ziguten bidezkoa zela kasu honetan presazko errekurtso bat jartzea”.
Uztailaren 8ko 1/2010 Foru Arauan oinarritu zuen GuraSOSek parte hartze prozesua abiarazteko eskaera. Izan ere, Izetak azaldu duenez, arau foral horren arabera parte hartzea sustatu behar dute: “Gipuzkoako Foru Aldundiak esaten du eztabaida zabalduko duela, baina ez duela erraustegia egin edo ez eztabaidatzeko aukera emango”.
Ez dute aldundiaren jarrera ulertzen. Horregatik, bi eskaera nagusi egin dizkiote: “Parte hartzea baimentzea eta obren lizitazioa bertan behera uztea”. Bide judizialari dagokionez hiru puntu nagusi azpimarratu ditu: lehenengo, erraustegiaren obren lizitazioa etetea; ondoren, erraustegiaren Ingurumen Baimen Integratuaren baliogabetzea lortzea, bide administratibotik; eta azkenik, ingurumenparte hartze, hondakinen plangintza eta kontratatze gaietako Zuzentaraua ez betetzeagatik Europako Batasunean kexa jartzea.
Gizarte mobilizazioa
Elkartearen sorreratik gizartearen aktibazioa eta mobilizazioa izan dira helburu nagusiak, dena den, aldi berean, bide judizialak ere urratu dituzte: “printzipioz gure lanaren zati handi bat gizartea aktibatzea da, baina ez diogu inori utziko dagozkigun eskubideak oztopatzen, eta horretarako bide legalak ere landu ditugu”.
Abuztock jaialdian 26 gipuzkoar ezagunek hartuko dute parte, hiru minutuko saioetan. “Hitzak eta musika uztartuko ditugu” azaldu du Izetak.
Jaialdiko gastuei eta aurrerantzean sortu daitezkeenei aurre egiteko kontu korronte bat ere zabaldu dute. Izan ere, jakinarazi dutenez, urrian beste mobilizazioa bat egitea aurreikusten dute: “Garrantzitsuena indarrak batzea da”.