Erakusketa arratsaldez ikusi ahal izango da, 18:00etatik 21:00etara. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Donostia Kultura eta
Añarbeko Urak-en arteko akordio bati esker, Grosek erakusketa gune berri bat izango du. Itsasertzetik gertu, Añarbeko Urak-ek Saguesen duen ponpatze estazioa egokitu dute argazki erakusketa bat hartu ahal izateko.
Ideia Groseko bizilagun batena izan da,
Pedromari Modrego arkitekto eta argazkilariarena. Aspalditik zuen kostaldetik gertu dagoen espazioren batean erakusketa bat egiteko ideia. 2016 Kultur Hiriburutza dela eta, hiriko areto guztiak beteta zeudela konturatu zen, eta beraz bestelako tokiak bilatzen hasi zen. Auzoan oinez ari zela, begiz jo zuen Añarbeko Uraken eraikina. Proposamena udalean aurkeztu zuen, eta Donostia Kulturaren bidez egitasmoa egia bihurtzea lortu dute.
Igeldo eta Orio lotzen dituen kostaldeko bidean barrena egindako hamaika irudi ditu Modregok. Itsasertzeko arrokak izan dira bere lanaren abiapuntua. Natura eta eskulturaren arteko harremana lotu du
Oteiza eta Txillidaren obrarekin. Modregok uste du euskal eskultoreak naturan inspiratu zirela lan egin eta esperimentatzerako orduan, eta inspirazio iturri hori irudikatu du Sagueseko espazioan elkartu dituen 22 argazkitan.
Kresala zainetan. Oriotik Igeldora_Txillida eta Oteiza izena du erakusketak. Urriaren 9a arte izango da zabalik, eta ateak irekita izango dira egunero, 18:00etatik 21:00etara. Sarrera doan da.
Espazio hau hilabetez izango da zabalik, eta hurrengo bi urteetan ere erakusketa gune bihurtuko dute. Betiere, aldi baterako erakusketa gunea izango dela azpimarratu dute. Añarbeko Urakek proiektu berri honen esku utzi du esazioa eta beharrezko lanak egin ditu tokia egokitzeko.