Adinik gabeko eskubidea
Zahar egoitzetan bizi diren aiton-amonak triziklo batean paseatzera atera nahi ditu Bizikletaz Adinik Ez mugimenduak. Donostian egitasmoa aurrera atera ahal izateko boluntario bila hasi dira jada.
Ez da bizikleta arrunt bat, adineko jendea eramateko triziklo egokitua da. Paseo atsegin eta eroso bat egiteko sortu dira. Nork gidatzen ditu? Boluntario sare batek. Nor eramaten dute triziklo gainean? Zahar etxeetan bizi diren adinekoak. Kalera atera, haize freskoa sentitu, bizitza osoa eman duten auzora itzuli… Bizikletaz Adinik Ez mugimenduak hori guztia eta gehiago eskaini nahi dio adineko jendeari.
Donostian pixkanaka abiada hartzen ari da egitasmo hau. Kalapie Elkarteko Gorka Hoyos (Gros, 1983), Txita enpresako Dani Ruiz (Orereta, 1982) eta Iñigo Munilla (Gros, 1974) izan dira sustatzaileak. Hirurak proiektuarekin maiteminduta daude. «Zahar etxearen errutinatik atera eta kalera ateratzeko modu eroso bat da. Probatu dugu, eta leku guztietan sentsazioa bera da. Ibilaldi labur batean gauza asko ikusten dituzte, eta autobus edo autorik erabili gabe. Plan pila bat egin ditzakete trizikloan mugituta», azaldu du Ruizek.
Kalapie Elkarteko presidentea da Hoyos. Mugikortasunarekin lotutako hainbat proiekturen berri izaten du, baina adinekoekin lotutako egitasmo honek harrituta utzi zuen:«Donostiara bai ala bai ekarri behar zela pentsatu nuen. Zoragarria da proiektua».
Kopenhagen sortu zen duela hiruzpalau urte, Ole Kassow daniarraren ekimenez. Zahar egoitza batean zela, adineko batek trizikloan buelta bat emateko eskatu zion. Esperientzia hura gogoan, buruari bueltak ematen hasi, eta zahar egoitzatan zerbitzu hori nola eman aztertzen hasi zen. Boluntario sare bat sortu zuen, eta horrela jarri zuen abian. Egun Europako berrehun hiri baino gehiagotara zabaldu da.
Txita enpresakoa da Dani Ruiz. Beraiek beti sinistu dute trizikloak askotariko aukerak eman ditzakeela: «Turistak eramateko balio du, merkantziak eramateko… eta kasu honetan, esperientzia eder bat bizitzeko. Orain arte adineko jendeak ez du triziklo batean joateko aukerarik izan. Turistek beti esaten dute izugarria dela Donostia ezagutzea trizikloaren gainean. Eta zergatik ez du probatuko jende zaharrak? Zahar egoitzekin eta boluntarioekin bat eginda eragin oso positiboa izan dezakegu gizartean. Gainera, Donostiak duen bidegorri sarea ikusita, pekatua da horrelako triziklo edo bizikletak ez erabiltzea». Errepidetik joateko prestatuta dauden arren, bidegorritik joango dira triziklo hauek.
Esperientzia aberasgarria
Iñigo Munillak adinekoen inguruan ardura berezia sentitzen duela aitortu du, bere senide batekin bizitako esperientziagatik. Berehala egin zuen bat Ruiz eta Hoyosekin. Egitasmo honen balioa azpimarratu du: «Belaunaldien arteko harremanak errazten dituela uste dugu. Adinekoentzat bakarrik ez, boluntarioentzako ere oso esperientzia aberasgarria da, adineko jendearengandik ikasi daitekeen guztia izugarria da. Oso dinamika indartsua dugu esku artean».
Proiektua abian jartzeko zailtasunetako bat dirua izan dela azaldu du Hoyosek: «Triziklo mota bereziak dira, bereziki proiektu honetarako eginak, 4.000 euro inguru balio dute». Hainbat erakunderengana jo zuten babes ekonomiko bila, eta azkenean Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren dirulaguntza eskuratu zuten. Egun lau triziklo dituzte.
Norbaiti proiektu hau zertan den kontatzen dioten bakoitzean zur eta lur geratzen direla diote: «Horrek jada pista bat ematen dizu. Denek esan digute lehenbailehen abian jartzeko. Gerora zahar etxeekin izan ditugun bileratan izan dugun harrerak berretsi du gure ustea».
Orain hiru kideen kezka nagusia eta erronka Bizikletaz Adinik Ez programa oinarri sendo baten gainean eraikitzea da. Adineko jendearentzako proiektu hau epe luzerako izan behar duela sinisten dute: «Donostiako herritarrak gero eta zaharragoak dira. Zerbitzu honek onura izugarriak ekar ditzake, eta hau guztia ongi antolatu nahi dugu».
Joan den astean egin zuten boluntarioentzako lehen formakuntza saioa. Hurrengo hiru hilabeteetan ere ikastaro bana egingo dute. Irteera ofizialen bat egiteko asmoa ere badute. Hilaren 17an egingo dute lehena, Mugikortasunaren Astearen barruan. Behobia-Donostiaren azken bi edo hiru kilometroetan ere egingo dute irteera bat, proiektua ikusarazteko.
Proiektu pilotu bat da oraingoz, eta hurrengo urterako zerbitzuak automatizatu nahi dituzte. Bitartean pauso txiki eta sendoak emango dituzte. Egitasmoa babestu nahi dutenek cwadonostia[abildua]gmail.com helbidera idatzi dezakete beraiekin harremanetan jartzeko.


