Patxo Telleriaren ‘Igelak‘ filmeko protagonista da Gorka Otxoa (Donostia, 1979). Egun ‘Bajo terapia’ antzezlana taularatzen buru belarri dabil Madrilen, eta ihesalditxo bat egingo du Donostiako Zinemaldira etorri eta filmaren estreinaldira iristeko. Filma irailaren 20an aurkeztuko dute Viktoria Eugenian, Euskal Zinemaren galan.
Filmeko istorioak ez du kokaleku geografiko zehatzik, baina Donostian eta inguruetan filmatzen aritu ziren iaz. Eszena asko eta asko Txomin Enean grabatu zituzten, Arteleku arte zentroa aterpetu zuen eraikinean. Filmean bankuek etxegabetuak eta sistema kapitalistaren logikari aurre egin nahi dioten idealistak aterpetzen ditu.
Gorka Otxoaren pertsonaia, ordea, bankari bat da istorioaren hasieran. Legez kanpoko mugimendu batzuk egin izana leporatu diote, eta bere burua gorde beharrak eraman du haraino, etxe okupaturaino.
‘Igelak’ komedia sozial gisa aurkeztu du Otxoak. Orain arte euskaraz ez direla asko egin esan du: “Lehenengoa ez bada, lehenengoetakoa izango da: “Gaur egun pil-pilean dauden gaiak jorratzen ditu filmak. Etxegabetzeak, ustelkeria, bankarien trikimailu eta zuloak, pobrezia… Telleriak nahi zuen hau guztia ikuspuntu komiko batetik ikustea. Ez dago txisterik, pertsonaiak ez dira berregarriak, baina badira barrea eraiten duten egoerak. Nire pertsonaia gezurretan hasiko da, gauza asko ezkutatu behar ditu… Besteek ezin dute jakin nor den, eta horrek egoera komikoak ekarriko ditu, noski. Patxo Telleriaren ideia horixe zen, eta ni ere ados nago. Gai larri eta gogorrak komediaren bidez hobeto sartzen dira eta ikuslearekin gertutasun handiagoa lortzen duzu. Ea jendeari gustatzen zaion”.
Aktore donostiarra pertsonaia samur eta alaien larruan ikustera ohituta dago publikoa, baina ‘Igelak’ filmekoa “desberdina” dela dio: “Eskrupulurik gabekoa, ustela, gezurtia… Oso interesgarria da zugandik horren urrun sentitzen dituzun pertsonaien larruan sartzea. Pertsonaia gaiztoekin ere oso ondo pasatzen dut. Egia esan aktore gisa opari polit bat jaso dut”.
Donostian filmatzeko aukera izatea izugarria izan zela esan du aktoreak, familia eta lagunak hemen ditu eta. Gainera, Arteleku aurretik ezagutzen zuen, urtebetez han eman baitzituen Arte Eszenikoen Tailerreko eskolak.
Zinemaldiaren alfonbra gorrian ‘Bypass’ filmarekin izan zen azken aldiz, eta “donostiar peto-peto gisa” Donostiako Zinemaldira etortzea eta Viktoria Eugenian filma aurkeztea ilusio handia egiten diola adierazi du. Esperientzia “laburra baina indartsua” izango dela aitortu du: “Madrilen igandea arte izango naiz ‘Bajo Terapia’ obra antzezten. Astelehenean joango naiz Donostiara, egun horretarako jada lotuta ditut zenbait elkarrizketa. Eta asteartea izango da egun potoloa. Principe zinema aretoan aurkezpen batzuk, Viktoria Eugeniako gala, filmaren festa, eta hurrengo egunean… Madrilera korrika, antzerkira itzultzeko”.
Aktore ibilbidea hasi zuen arte, Zinemaldia beti ikusle gisa bizi izan duela esan du Otxoak. Bueno, ikusle eta dantzari gisa, euskal dantzan aritzen zenean Kresala taldearekin parte hartu izan baitu: “Izarrei aurreskua dantzatzen genien lehen, harrera egiteko”.
Zinemaldian ez ezik ‘Igelak’ zinema areto komertzialetan ere estreinatuko dute urte bukaeran. Eta zineman laster hasiko da berriz lanean, Borja Cobeagaren ‘Fe de etarras’ filma udaberrian filmatzen hasiko baitira. Eta beste film bat: Reevolution. Urtarrilerako abiada hartzen hastea espero du Otxoak: “Oso diru eta baliabide gutxirekin egina dago. David Sousa zuzendariak egin du ia film guztia, berak hartu du prozesu guztiaren ardura. Sundance jaialdira eramatea espero dugu”.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea