Satorralai bizilagunen elkartearen agerraldia. (Argazkia: Malen Aldalur)
Satorralaia bizilagunen mugimenduak
hainbat alegazio egin ditu Gipuzkoako Itsasertzeko Ordezkaritzan. Izan ere,
azaldu dute Metroaren Pasantea eraikitzeko Kontxako lurrak erabili ahal izateko eskaria egin diotela Eusko Jaurlaritzari, eta baimena atzera botatzera eskatu dute.
Azaldu dute, 2012ko martxoko data daraman Ingurumen-Inpaktu Adierazpenaren baliogabetasuna iraungita dagoela; 21/2013
Legeak esaten duenez lau urteko balioa besterik ez zuelako hark. Bestalde, azaldu dute Ingurumen-Inpaktuaren txostenetan aztertu zen jatorrizko egitasmoarekin alderatuta, “eraikuntza proiektuan aldaketa garrantzitsuak” egin direla. Horien artean, azpiegitura Kontxako hondartzaren azpitik igarotzea: “
Itsasertzeko Zerbitzuan egon den txostenaren eta proiektuaren arabera Kontxako itsasertzeko zorupean 360 metroko luzeran eta 35 metroko sakoneran eraikitzea aurreikusten dela salatzen dugu”.
Gainera, esan dute alegazioetan gezurtatu egiten dituztela Euskal Trenbide Sareak “itsaslurra derrigorrez okupatu beharraren” inguruan egindako baieztapenak; eta irregulartasunak salatu dituzte, izan ere, hastapenetako Ingurumen-Inpaktuaren txostenean proiektua “itsasertzaren paraleloan marraztea” aurreikusten zen.
Horregatik, Satorralaia bizilagunen elkarteak Kontxako lurrak okupatzeko eskaria ez onartzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.
Proiektu osoaren aurka dauden arren, alegazioak norabide horretan aurkeztu dituztela azaldu dute. Bestalde, urriaren 3an, astelehena, batzar irekia egingo dute “proiektuaren egoera zertan dagoen aztertu eta aurrera begirako ekimenen inguruan proposamenak eta iritziak trukatzeko”.