Euskararen Ginkana lehiaketaren V. edizioa abian da
Talde lehiaketa honen helburu nagusia, euskaraz eta euskararekin ongi pasatzea da
Bosgarren urtez martxan da dagoeneko Euskararen Ginkana. Donostiako Ekoguneak lagunduta, helburua, euskaraz eta euskararekin dibertitzea da. Herritarren artean hizkuntzekiko sentiberatasuna eta euskararen erabilera sustatzea bilatzen da taldeka parte hartzen den lehiaketa honetan. Hizkuntzen zein aniztasunaren jasangarritasuna eta hizkuntza-ekologiaren kontzeptuaz ezagutera emanez.
Taldeak 4-6 lagunez osatutakoak izan behar dute eta edozein talde motak hartu dezake parte lehiaketan; kuadrilak, familiak, euskalgintzako elkarteak, talde feministak, tokiko enpresak, eta abar.
Urtero gai ezberdin bat aukeratzen da eta aurtengoa hizkuntza-ekologistak izateko hizkuntza praktika ekologikoak izango da. Beti ere, euskararen aldeko ekarpena suposatu behar dute, arloa edozein izanik ere.
Taldeen izen emate epea zabalik dago urriaren 17tik eta abenduaren 3a izango da azken eguna. Honetarako, www.euskararenginkana.eus webgunean sartu behar da eta bertan dagoen orria bete beharko du parte hartzaileak. Honez gain, talde bakoitzak bere burua eta babestu nahi duen euskararen aldeko egitasmoa aurkeztu beharko du bideo batean.
Lehiaketa bi fasetan antolatzen da. Lehenengoan (abenduaren 3tik urtarrilaren 19ra), taldeek internet bidezko sei gadera erantzun beharko dituzte. Puntuazio altuena lortu duten lau taldeak pasako dira bigarren fasera, final handira, eta hemen beste proba batzuekin egingo dute topo. Bertan puntuazio altuena lortzen duenak irabaziko du aurtengo Euskararen Ginkana lehiaketa. Egun hau, urtarrilaren 28a izango da eta Donostiako Ekogune parkean burutuko da.