Protesta egingo dute Europar Batasunaren merkataritza politikak salatzeko
CETA merkataritza itunaren aurkako mobilizazioa egingo dute larunbatean Donostian.
TTIP EZ mugimenduak deituta protesta egingo dute Europar Batasunaren merkataritza politikak salatzeko. Izan ere, azaldu dute CETA merkataritza ituna sinatzeko beharrezkoak diren gobernu belgikarraren baldintzak biltzen dituen agiri bat adostu dutela. Baldintza horiek onartzen badituzte, CETA merkataritza ituna sinatuko litzatekeela azaldu dute. Hori dela eta, mobilizazioak egingo dituzte larunbatean Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean. Donostian Bulebarretik abiatuko da manifestazioa arratsaldeko 17:00etan. Herriek erabaki! Defendamos nuestra tierra y nuestros derechos! lemapean egingo dituzte mobizilazioak.
CETA merkataritza ituna onartuko duten edo ez erabakitzeko bilduko diren Europar Batasuneko 28 estatu kidetako ordezkariei bidali diete akordio belgikarra. TTIP EZ kanpaina baikor ageri da: nahiz eta, europar kontseiluak CETA onartu, beste aurkera batzuk egon daitezkeela uste duelako: “Belgikar eskualdeko parlamentuei akordioa ez onartzeko eta sinadura ez baimentzeko deialdia egiten diegu”.
TTIP EZ mugimenduak azaldu du merkataritza itunean jarraitzen dutela giza eskubidearen eta demokraziaren aurkako “mehatxu” larrienak.