Jende andana ibiltzen da Donostiako Parte Zaharrean. Orduak pasatzen dituzte kalean batera eta bestera, eta ez da arraroa txizagalea etortzea. Baina ba al dago nahiko komun publiko?

Bulebarreko aparkalekuko komunak irekita egoten dira egunean zehar, astelehenetik ostiralera. (Argazkia: Malen Aldalur)
Komunak beharrezkoak dira jende asko dagoen lekuetan. Horregatik jartzen ditu Donostiako Udalak komun publiko gehiago, adibidez, Aste Nagusian, San Sebastian egunean edo santomasetan. Udaran ere gora egiten du jende kantitateak; iaz esaterako, 82.268 bisitari etorri ziren Donostiara. Hori dela eta, uda garaian komun publiko gehiago egoten dira erabilgarri, eta baita ordutegi malguagoekin ere.
Neguan, aldiz, ez dira asko jende gehien biltzen den hiriko guneetan daudenak. Hala salatu du Parte Zaharren Bizi auzo elkarteko Xabier Arberasek. Zurriolatik Ondarretarako ibilaldia egiten baduzu, komun publiko bakarrarekin egingo duzu topo: Pasealeku Berriaren parean. Parte Zaharrean Trinitate plazakoa dago, bestela, Bulebarreko aparkalekuetako komunak dira aukera bakarra. Kaian ere badaude, baina neguko ordutegia 10:00etatik 20:00etara bitartekoa da.
“Parte Zaharrean gero eta jende gehiago ibiltzen da, baita neguan ere; eta komun publikoetako ordutegiak oso murritzak dira”, azaldu du Arberasek. Izan ere, Parte Zaharrean Trinitate plazako komunak dira azkenak ixten dituztenak, 00:00etan. Bulebarrekoak 20:30ean, Kaikoak 20:00etan eta Pasealeku Berrikoak 18:00etan.
Guztira Donostian 13 komun publiko daude; horietatik hiru udaran bakarrik zabaltzen dituzte. Gune publikoetako sailak azaldu du komun publiko batzuk betidanik daudela hor eta horiek baliatzen ahalegintzen direla. Gainerako asko, berriz, bizilagunen eskariz jarri dituzte: “Jarri ditugun azkenak Jose Maria Sert plazakoak izan dira”.
Komunak egon badaude, baina urte guztian zehar Parte Zaharrean ibiltzen den jende andanari aurre egiteko urriak direla uste du Arberasek: “Parte Zaharrean dauden komunak ez dira eraginkorrak”.
Azken urtean turismoak Parte Zaharrean sortzen zituen eraginak aztertzen ibili da Parte Zaharrean Bizi auzo elkartea, eta Arberasek azaldu du horrela ohartu direla turismoak kalteak sortu baino gehiago ikusarazi egin dituela: “Parte Zaharrak gabezia handiak ditu, merkantzia soil bat bihurtu da eta ez auzo bat. Turismoak ez ditu kalte horiek sortu, lehendik zituenak begi bistan jarri ditu”.
Dena den, turismoaren gorakadak eragin zuzena izan du Parte Zaharrean biltzen den jende kopuruan:?”Askok esaten digute Parte Zaharra ez dela aldatu, baina ez da egia. Ez da gauza bera 40 pertsona egon edo 200 egon. Geroz eta taberna gehiago dago, geroz eta denda gehiago dago. Jendeak gero eta gehiago edaten du eta txiza gehiago egin ere bai. Dena dago lotuta”.
Aurreko legealdian udalarekin lankidetzan komun publiko gehiago jartzeko kanpaina bat abiatu zuten Parte Zaharrean Bizi elkarteko kideek Aste Nagusian. Hortik aurrera udalak hartu du kanpainak egiteko ardura: “Ondo dago kanpainak egitea, baina ez da nahikoa festa garaian bakarrik indartzea komun publikoak. Parte Zaharra neguko asteburuetan ere beteta egoten da”.
Kanpainak
Kanpainak egiteaz gain, komun publiko gehiago jartzea eta ordutegi zabalagoa izatea beharrezkoa dela uste du Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak. “Kanpaina ezin da soilik festen bezperan egin, hori ez da batere eraginkorra”, azaldu du Arberasek.
Jendeak jai giroan kalean pixa ez egitea da udalaren kanpaina askoren helburua; eta, hain justu, udalak ere horregatik indartzen du komun publikoen zerbitzua jende pilaketa handiak aurreikusten dituen egunetan. Dena den, Arberasek ez du loturarik ikusten komun publiko gehiago jartzearen eta jendeak kalean pixa egitearen artean. “Ez dut uste guztiz lotuak daudenik komun publikoak eta kalean pixa egitea. Oso zaila da jendearen ohiturak aldatzea”, azaldu du Arberasek.
Batzuk kendu, besteak jarri
Dena den, kalean pixa egitea arazo bezala ikusten dute, bai udalak baita Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak ere, eta biek egin nahi diote aurre nola edo hala arazoari.
Bulebarrean aparkalekua egitea erabaki zutenean kendu egin zituzten ordura arte zumardian egon ziren komunak. Orain eskailerak behera jaitsi eta aparkalekuko komunak erabilgarri egoten dira egunean zehar.
Bestalde, aspalditik itxita zeuden Araba plazako komun publikoak ere kenduko dituztela iragarri dute, bertan taberna bat egiteko asmoz: kafetegi bat egingo dute inguruan terraza batekin. Udaleko ordezkariek azaldu dute, horrela, kafetegi zerbitzuaz gain komun publikoen zerbitzua ere eskainiko duela eta ez soilik bezeroentzako, donostiar guztientzako baizik. Izan ere, tabernetako komunak ere maiz, erabiltzen dira komun publiko gisara; eta legez ere hala dira. Nahiz eta, ostalariek duten azken hitza. Bestalde, Jose Maria Sert plazan ere komun publikoak jarri dituzte bizilagunek hala eskatu zutelako.
Kaleak komun bihurtuta
“Parte Zaharrean taberna pila bat dago baina hala ere jendeak kalean egiten du pixa. Ez dut uste kalean pixa egiteko arrazoia komun falta bakarrik denik”, azaldu du Arberasek. Haren ustez hainbat arazok bat egiten dute Parte Zaharrean: “Komun publiko gutxiegi daude, gauez guztiak ixten dituzte eta jendea ohitua dago kalean pixa egitera”. Beraz, horietako bakoitzari dagokion irtenbidea eman beharko zaiola uste du Arberasek.
Parte Zaharreko zenbait zirrikitu pixa toki bihurtzen dira sarritan, horrek diru kostu handia du garbiketa zerbitzuetan eta usaina eta zikintasuna sortzen ditu. Komun publikoen faltagatik edo ohitura kontuengatik izan, horma askok bukatzen dute pixarekin zipriztinduta auzoan. “Jendea ohituta dago kalean edozer egitera eta ikustera eta ez zaigu arraroa iruditzen kalean pixa egitea”, azaldu du Arberasek.
Askotan zikinkeriaren errua auzoko turismoaren masifikazioari egozten bazaio ere, maiz okerrenak bertakoak direla uste du auzo elkarteko kideak: “Gure auzoa geuk ez badugu zaintzen, ez dute kanpotik datozenak zainduko”.
Hainbat lekutan neurriak hartzen hasi dira kalean pixa egitea eragozteko asmoz: Iruñean, esaterako. Iruñeko Udalak sanferminetan hiriko Parte Zaharrean kalean pixa egitea eragozteko produktu bat erabili zuen: produktu honek pixa hormara egiterakoan errebotean pixa egin duenaren galtzak eta zapatak bustitzen ditu.
Izan ere, festa garaian kalean pixa egin dutenen kalteak ordaintzeko Iruñeko udalak 10.000 euro inguru gastatzen ditu, soilik sanferminetan. Beste ohiko formula bat isuna jartzearena izaten da, baina badirudi horrek ere ez duela behar bezala funtzionatzen.
Jende asko dagoen tokian komun asko behar dira; eta Donostiako Parte Zaharrean zorionez edo zoritxarrez urteko hilabete guztietan ibiltzen da jendea. Pixa kalean egin ez dezaten festa aurreko kanpainak, jaietako komun publikoen errefortzua, eta udaran hondartza inguruan irekitzen diren komun publiko gehigarriak ez dira nahiko Parte Zaharrean Bizi elkartearentzat.
Urte guztian jendea kontzientziatzea nahi dute, komun publiko gehiago jartzea eta ordutegi zabalagoa eskaintzea.