'Viaje a pie. Mar de nubes' liburua aurkeztu du Elkar aretoan; 19:00etan, Vasco de Camping elkartean ekitaldi bat antolatu dute.
Julio Villar, eskuinean, ‘Viaje a pie. Mar de nubes’ liburuaren aurkezpenean. (Argazkia: Lide Ferreira)
Duela 40 urte idatzi zuen liburu bat berrargitaratu du
Julio Villar mendizale donostiarrak,
Viaje a pie. Mar de nubes izenburupean. Bigarren argitalpen hau, ordea, egungo idazki batzuekin osatu du.
“Liburu osoa Julioren ADNa da”, esan du J.M. Perez Azaceta editoreak gaur goizean Elkar aretoan egin duten aurkezpenean.
Arratsaldean, Vasco de Camping elkartean beste ekitaldi bat egingo dute, liburua erakutsi ez ezik, Villarren bizitzari buruzko erakusketa bat aurkezteko.
Izan ere, elkartea izan da mendizalea berriro idaztera bultzatu duena.
“Eh petrel argitaratu ondoren, ez nuen asmorik beste ezer idazteko. Baina Vasco de Campingek proposamena egin zidanean, orri txuri batzuk erosi eta buru-belarri jarri nintzen idazten”, azaldu du egileak.
Viaje a pie izenburuarekin beste liburu bat egin zuen duela 40 urte, eta
Mar de nubes lehenengo liburu hori babesteko modu bat dela dio: “Nire bizitzako nolabaiteko kontakizunak dira, eta horien guztien bereizgarria da non gertatzen diren”.
Lurtarra
23 urterekin istripu bat izan zuen Villarrek eta mendian ibiltzeari utzi zion. Bere abenturazaletasun hori mantendu nahian,
belaontziz nabigatu zuen lau urtez. Halere, oso pertsona lurtarra dela adierazi du: “Nabigatzen ohartu nintzen oso lurtarra naizela. Itsasoko bidaia amaitu nuenean, oinez hasi nintzen berriro, baina beste neurri batean, noski”. Horren isla da argitaratu berri duen liburua.