Klasiko bihurtu da San Silvestre lasterketa; urtearen bukaera gogorarazten du, eta milaka dira hiriko kaleak gurutzatzen dituztenak abenduaren 31n: familian, lagunartean edo erronka berriei aurre eginez.
Xabier Altuna eta Patxi Luzarraga; Amara Kirol Elkarteko kideak.

Xabier Altuna eta Patxi Luzarraga, Amara Kirol Elkarteko kideak. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Gero eta gehiago dira urtea korrika eginez bukatzea aukeratzen dutenak. Aurten, 32. aldiz iritsiko da San Silvestre donostiarra, eta antolatzaileek ez dute erronka txikia jarri, 4.000 partaidetara heldu nahi baitute. Amara Kirol Elkarteak du lasterketaren ardura, eta bertako bi kiderekin egon da Irutxuloko Hitza, lehiaren atarian: Xabier Altuna eta Patxi Luzarraga.
Zenbateko lana da halako lasterketa bat antolatzea?
Patxi Luzarraga (P. L.): Abuztu bukaeran hasi eta abenduaren 31n, 19:00etan, bukatzen dugu. Normalean, 18:30ean hutsik geratzen da ingurua; jendeak lasterketa bukatu eta alde egiten du.
Xabier Altuna (X. A.) : Azken astean izaten dugu lanik handiena, laguntza izaten dugu, eta hogeita bost lagun inguru aritzen gara gauzak egiten. Lasterketaren egunean, 8:00etan hasten gara, eta egun osoan 100 lagun baino gehiago ibiltzen gara antolakuntzan; Amaran, Antiguan eta Parte Zaharrean, bereziki. Txirrindulariak, ura banatzen dutenak, irteeran eta helmugan daudenak…
Urriaren 30ean zabaldu zenuten izen ematea. Esperotako kopurutan zabiltzate?
P. L. : Momentuz, 2.100 lagun inguruk eman dute izena; iazko data hauetan baino pixka bat gorago gabiltza. Gehienezko partaide kopurua 4.000 lagunetan jarri dugu, beraz, badago lekua oraindik.
X. A. : Iaz, 3.700 lagunek eman zuten izena, eta helmugara iritsi ziren 3.248. Gustatuko litzaiguke 4.000 korrikalaritara iristea, baina badakigu zaila dela. San Silvestre asko daude orain Gipuzkoan, baina, batez ere, nahi duguna da inor ere kanpoan ez geratzea. Horregatik jartzen dugu beti partaidetza kopuru handia. Iaz, lasai geratu ginen, bagenekielako parte hartu zuen inor ez zela kanpoan geratu. 2014an, adibidez, jende asko kanpoan geratu zen, eta abenduaren 29an izen ematea itxi behar izan genuen.
Zein da partaideen profila?
P. L. : Izena eman duten lehenengo 1.000 partaideekin datuak bildu ditugu; Donostiakoez gain, gehienak inguruko herrietakoak dira, Hernani, Astigarraga, Orereta, Lasarte, Oiartzun, Usurbil eta Pasaia, besteak beste. Bartzelonako batzuk eta bi japoniar ere izango ditugu. Konturatu gara azken urteetan ohitura handia dagoela urte zaharra etxetik kanpo igarotzeko, eta kanpotar asko etortzen dira Donostiara; horrela, bide batez, familian lasterketa egiten dute.
X. A. : Gazteez gain, kuadrillak bereziki, 40 eta 50 adin tarteko askok egiten dute lasterketa. Nik baditut ezagun eta lagunak beste lasterketa batzuetan denbora oso onak egiten dituztenak, eta San Silvestren, berriz, ongi pasatzera joaten dira, mantso-mantso. Sexuari dagokionez, iaz %35 inguruan izan genuen emakumeen partaidetza; eta urtez urte handitzen doa.
Mozorrotzen direnak gero eta gehiago dira, ezta?
X. A. : Bai. Azken urteetan, kuadrillan parte hartzen dute askok, eta gehienek, mozorrotuta. Gogoan dut urte batean kuadrilla bat nola irten zen mozorrotua, ez dut sekula ahaztuko! Isabel Pantojaz mozorrotu zen bat, eta ondoan, bizkartzaina zuen; haien aurrean, beste bi lagun kazetariz mozorrotuak joan ziren, bat mikrofonoarekin, eta, bestea, kartoizko kamera batekin. Azken bi horiek lasterketa osoa atzeruntz korrika egin zuten!
Pentsatu dugu mozorro onenentzako sari bat baino gehiago ematea, baina oraindik ez dugu ezer ere erabaki. Iaz, gainera, Twitterrera ere zabaldu zen mozorroena, batzuk haserretu egin baitziren ez zutelako irabazi! Kontua da, antolatzaileek ez dugula aukeratzen mozorrorik onena, auzotar batzuei ematen diegu urtero ardura.
P. L. : Mozorrotzearena ohitura bihurtu da jada.
Ibilbidean aldaketak egin dituzue aurten, ezta?
X. A. : Bai, askotan aldatzen dugu, iaz, duela lau urte… aldaketa asko izan ditu lasterketak luzeran. Hobetzeagatik egiten ditugu aldaketak; urtero irekiak egoten gara ibilbidean aldaketak egiteko. Aurten, adibidez, metro batzuk motzagoa izango da, pentsatuz partaide batzuk gusturago arituko direla 700 metro gutxiagorekin. Leku estu pare bat ere kendu ditugu, jende pilaketarekin arazoak izaten zirelako.
Helmuga lekuz aldatu izan dugu ere. Pedro Egañan eta Morazan bukatu izan da, gero Easo plazan egin izan genuen, eta, lasterketari kopurua igo ahala, Easo kalera igaro genuen. Irteera beti izan da Benta Berri kiroldegiaren ondoan.
Zuek nola bizitzen duzue?
P. L. : San Silvestrea igarotzean arnasa hartzen dugu, eta, gero, akatsak ikusten hasten gara.
X. A. : Lasterketa honen helburua ongi pasatzea da, urtea pozik bukatzea, lagunartean eta familian. Gu lasai geratzen gara ikusten dugunean inori ez zaiola ezer txarrik pasa, eta denak gustura geratu direla, baina lasterkariak bai boluntarioak ere.
Nola baloratzen duzue lasterketaren eboluzioa?
X. A. : Zortzi urte inguru daramatzagu antolakuntzan. Bere garaian antolatzen zutenek oraindik ere jarraitzen dute egun zehatz batzuetan laguntzen.
Lasterketa hau lehen Haritza Elkarteak antolatzen zuen. Amarako elkarte bat zen, eta 2002an itxi egin zuten. Orduan, hilabete batzuetan airean egon zen ea San Silvestre lasterketa antolatuko ote zen, auzolanean egitea zen aukera bat, edo beste lasterketa batzuk antolatzen zituzten erakunderen batek ardura hartzea. Azkenean, batzuen artean lortu genuen lasterketa aurrera ateratzea auzo mailan, eta, horretarako, Amara Kirol Elkartea sortu genuen. Auzo mailan antolatutako lasterketa bat izatea nahi genuen, gainera, horrela, lasterketaren onurak auzoan geratzen dira.
Amara Kirol Elkartearen jarduerarik garrantzitsuena San Silvestre lasterketa da, baina badituzue jarduera gehiago, ezta?
X. A. : Bai, elkarteak aurrera egin zuen, danborrada bat dugu, eta futbol talde bat. Danborrada ere auzo mailakoa da, atera nahi duenak ez du elkarteko kide izan behar, ateratzeko gogoa izan behar du, kuota txiki bat ordaindu, eta auzoari lagundu. Futbol taldea auzoko gazte batzuek osatzen dute; eta ez ditugu gauza gehiago egiten, antolatzeko jendea falta zaigulako.
Zergatik animatuko zenituzkete herritarrak San Silvestre donostiarran parte hartzera?
X. A. : Giroarengatik. Partaideen artean denetik dago. Badaude lehiatzera irteten diren korrikalariak eta marka onak egiten dituztenak, eta korrikalari herrikoi oso onak ere bai. Horiek ongi pasatzen dute korrika egiten, eta beste batzuk, berriz, mantso-mantso egiten dute lasterketa, hitz egiten, parrez, lagunartean… Beste batzuk denbora on baten bila joaten dira, familian ateratzen direnak ere badaude, edo lagunen artean erronkak egiten dituztenak.