Elkarbizitzarik ez dago oraindik
2016a, eta gainerako urteetan bezala alde on zein txarrak utzi dizkigu. Donostiako Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arabera 18 eraso sexista egin zituzten 2015ean. Ondoren irisi zen 2016a kulturaren, elkarbizitzaren eta zubigintzaren urtea. Baina hala ere, eraso egin ziguten; jaien bezperan udaletxe atzeko lorategian, esaterako. Eta haserre hasi genuen Aste Nagusia.
Buruberokiak hartu, beltzez jantzi eta antortxak eskuan genituela ibili ginen Parte Zaharreko kaleetan barrena. Kaleak eta gaua gureak ere badirela aldarrikatu genuen, beldurra erasotzaileen aldera pasako genuela oihukatu.
Udalak abiarazi zituen Aste Nagusi bezperetan erasoen aurkako kanpainak eta jai giroan erasoak saihesteko lan egin zuten 2016an ere, beste behin, Donostiako Piratek. Hala aritu dira, talde feministak auzoz auzoko jaietan eta uneko festa handietan ere.
Amara Berrin, adibidez, lanketa ikaragarria egin zuten brigada feministak sortu eta erasoei ahalik eta modu eraginkorrenean aurre egiteko protokoloa osatuz; baita Antiguan ere. Ezin ahaztu gainerako hiriko talde feministek zein Bilgune Feministako kideek hirian urtean zehar egiten duten kontzientziazio lana. Hala ere, ezin esan jai giroan erasorik egon ez zenik; bi eraso salatu zituzten Amara Berriko jaietan. Donostiako Emakumeen Etxea ere ezin aipatu gabe utzi. Erasoen aurkako batzordeak urte guztian egin zituen dinamikak eta hausnartu zuen erasoei eman beharreko erantzunen inguruan; ez gaude inoren aurrean makurtzeko prest.
Gerriak batera eta bestera mugitu nahi ditugu hiriko taberna zulo eta diskoteketan; nahi dugunarekin ibili nahi dugu, nahi eran inoren begirada iraingarririk jasan gabe; lasai egin nahi dugu etxera bueltako bidea.
Jaietatik kanpo ere hil gaituzte, jipoitu gaituzte, bortxatu gaituzte, eraso egin digute; elkarbizitzaren urtean. Bukatu da 2016 baina guk hemen jarraitzen dugu; zubi gainetan, kale bazterretan, tabernetan, plazetan, bulegoetan. Anitzak eta askeak gara, anitzak eta askeak izan nahi dugu. Prest gaude zubiak sortzeko, baina baita apurtzeko ere.
2017a, 2016 bezalaxe, ez da elkarbizitzaren urtea izango hiltzen, bortxatzen, iraintzen jarraitzen bagaituzte.

