Korrika apirilaren 4an sartuko da Donostian
Hendaiatik bueltan iritsiko da euskararen lekukoa hirira, arratsaldean.
Dagoeneko zabaldu da albistea, ikusgai dago 2017ko Korrikaren ibilbidea. Aurtengo Korrikak 2.535 kilometro izango ditu, Otxandio (Bizkaia) eta Iruñea artean. Donostiara apirilaren 4an sartuko da, arratsaldez. Hain zuzen, Hendaiatik bueltan sartuko da Donostian, 18:45ean; eta 21:30 inguruan ibiliko da erdialdeko kaleetan.
Batzuk da aurtengo Korrikaren leloa; horrela, “bat” eta “zuk” elkartuta, euskarara batzeko deia egin dute. Abestia ere badu: Zirkorrika.
2015ean gehigarri berezia kaleratu zuen IRUTXULOKO HITZAk.
Korrikaren ibilbidea (Iturria: Berria.eus):
- Martxoak 30, osteguna. Otxandiotik abiatuko da 20. Korrika, 17:00etan, eta Gasteiz aldera joko du, eta 19:00ak inguruan sartuko da .
- Martxoak 31, ostirala. Gasteiztik Trebiñura joko du, eta Nafarroa aldera hartuko dute handik.
- Apirilak 1, larunbata. Goizaldea Erriberan egingo du, eta iparraldera joango da. Ekialdera egingo du arratsaldean; gero, berriz, pixkanaka Nafarroa Behererantz.
- Apirilak 2, igandea. Donibane Garazira 10:55ean da iristekoa. Lapurdira joko du handik: Baionan 17:24an sartuko da; haren segidan igaroko ditu, besteak beste, Angelu (18:25) eta Miarritze (19:04).
- Apirilak 3, astelehena. Zuberoa alderantz egingo du Korrikak, eta Maulera 09:55ean da iristekoa, eta Nafarroara joko du handik.
- Apirilak 4, asteartea. Goizaldean helduko da Irurtzunera eta Gipuzkoarako bidea hasiko du, Lekunberritik. Buruntzaldea eta Bidasoa igaroko ditu, eta, Hendaiatik bueltan sartuko da Donostian, 18:45ean; 21:30 izango dira erdialdera iristerako.
- Apirilak 5, asteazkena. Urola Kostan emango du gaua, eta Bizkai alderantz hartuko du.
- Apirilak 6, osteguna. Barakaldon izango da 05:00etarako, eta arratsaldean izango da Bilbon: 16:52an sartuko da, eta arratsalde osoa egingo du han.
- Apirilak 7, ostirala. Hegoalderako bidea hartuko du, Arabara sartuko da goizean, eta berriro Bizkaian izango da arratsalderako. Durangotik Gipuzkoa aldera jarraituko du.
- Apirilak 8, larunbata. Goierrin izango da goizaldean, eta Oñatira joko du gero. Arabarantz pasatuko da berriro handik, eta Iruñerako bidea hartuko du orduan.
- Apirilak 9, igandea. Sakanan emango du goizaldea, eta goizean goiz iritsiko da Iruñerrira. Amaiera 12:30ean izango da, Iruñean.
Erlazionatutako edukia20. Korrikak badu abestia: 'Zirkorrika'