Jose Luis Alvarez ‘Txillardegi’ hil zela bost urte beteko dira larunbatean; haren oroimena gogoan izateko, herritar talde batek hainbat jarduera antolatu ditu, aitortza eta zabalkuntza gisa.
Fito Rodriguez; idazlea

(Argazkia: Estitxu Zabala)
Hainbat lagunek sortu zuten Txillardegi Udal Liburutegia Herri Ekimena, hura hil zenean. Partaideen artean dago Fito Rodriguez idazlea (Gasteiz, 1955); Txillardegi izugarri miresten du, eta ez du ulertzen hiriko politikariek aitortzarik eman nahi ez izana. Txillardegi gogoan dokumentala prestatu dute, eta San Jeronimoko kriptan aurkeztuko dute, gaur, 18:30ean.
Txillardegi hil zenean, bere lanaren aitortza zabaltzeko lanean hasi zinen segituan. Nolakoa izan zen hasiera hura?
Txillardegi hil zenean, omenaldi politiko bat egin zion ezker abertzaleak, Viktoria Eugenian. Gero, idazle batzuek pentsatu genuen omenaldi literarioa egin behar geniola. Bere ekarpena maiz politika arlotik ikusi da, eta ez diot ukatzen, baina kultur arloan egin duena hori bezain inportantea edo inportanteagoa izan da. Orduan, hogei idazle elkartu ginen, Donostialdekoak, eta Viktoria Eugeniako Klub Aretoan eman geniezaiokeen omenaldirik onena egin genion: bere testuak irakurtzea.
Hortik urtebetera,ikusi genuen Txillardegiren oroitza ahazteko bidean sartzen ari zela. Berriro ere idazle haiengana jo genuen, eta udalean proposamena sartu genuen, Udal Liburutegi Nagusiak bere izena har zezan. Udaletxearen azpian dagoena da, eta ez du izenik momentuz. Orduan, EH Bildu zegoen Udal Gobernuan, bakarrik eta gutxiengoan, eta gainerako talde politiko guztiek bat egin zuten oposizioan; haiek zioten hori udalbatzarrean onartu beharra zegoela, eta ez zegokion tokian, hau da, kultura batzordean, Donostia Kulturaren bidez. Gainera, izenak baino gehiago, baldintzak jarri behar zirela zioten. Txillardegik baldintza guztiak betetzen zituen, bai teknikoki eta bai politikoki. Orduan, PPk proposatu zuen Donostiako alkate izandako Ramon Labaien. EAJk, botoa aldatu zuen; proposatutako baldintzen aldeko botoa eman zuen, baina Txillardegiren izena proposatzean, aurkako botoa eman zuen. Horregatik, pentsatzen dut arazoa politikoa dela, ez dutela onartu nahi Txillardegiren ekarpena.
Bere garaian, Hiritar Merezimenduaren Domina jaso zuen, eta, garai hartan, denek aldeko botoa eman zuten, PPk izan ezin. PPk, ordea, ez zuen aurka botatu, abstenitu egin zen.
Zergatik Udal Liburutegia?
Donostiak harro egon beharko luke Txillardegi bezalako intelektual bat bere baitan sortu delako, asko ikertu duelako, eta asko maite zuelako. Txillardegik asko erabili zuen Udal Liburutegia, eta bertan ibili zen, bereziki, bere azken nobelekin. Zor handia dugu berarekin, kitatu beharrekoa, eta agertu beharko litzateke paisaia linguistikoan. Wikipedian, bertan, Txillardegi hamasei hizkuntzatan aipatua dago.
Zein pauso emango duzue orain?
Sinadurak bildu ditugu, eta tartean badago jende oso azpimarragarria, Izaskun Bilbao EAJko europarlamentaria, esaterako. Zerrenda horrekin berriro ere talde politikoengana jo nahi dugu. Beraz, omenaldiak bukatu ostean, gure lana berriz instituzionala izango da, aitortzaren bat lortzeko.
Aurten, esaterako, Korrika Donostiara iristean, Txillardegi omentzea ez legoke batere gaizki. Gainera, ikusita, zer nolako garrantzia izan duen helduen alfabetatzearen aldarrikapenean.
Txillardegiren zein alderdi nabarmenduko zenuke?
Txillardegiren ekarpen politikoa garrantzitsua izan zen, baina ez zen bakarra izan. Aldaketen garaian ardatz izaten dira mundua antolatzeko eta ikusteko gai diren pertsonak, era berri batean. Horri eredu edo paradigma aldaketa deitzen diote, eta Txillardegi izan da aldaketen mamia Euskal Herrian. Polimata zen, aldaketa garaietan sortzen diren pertsona horietakoa, materia askotan asko dakitenak. Errenazimenduan, izan zitenekeen, Leonardo Da Vinci; modernitatean, Isaac Newton. Gure baitan, intelektual sakon horietako bat Txillardegi izan dugu, sekulako jakinduria zuena, eta oso sakona arlo guztietan. Txillardegi katalana balitz, izango luke bere izenean unibertsitate oso bat, Pompeu Fabrak duen bezala. Idazle bezala, ikustean ez zaiola onartzen hori guztia, nolabaiteko begirada motz horrengatik, sutu egiten naiz. Ez dira gai Txillardegik zuen zabaltasun horri begiratu ahal izateko, eta gutxiago, ulertzeko; edo, agian, kontrakoa, jakin badakitelako, ez dute nahi hori zabal dadin.
Heriotzaren bosgarren urteurrenaren harira, dokumental bat aurkeztuko duzue.
Dokumental horretan gehien landu dena da jendeak ez duela ezagutzen Txillardegi. Egia esan, gazte bati galtzen badiozu Koldo Mitxelenari buruz, esango dizu liburutegi bat dela edo institutu bat dela. Txillardegirekin, zoritxarrez, hori ere galduta dago. Fermin Kalbeton kalean, Sariketa tabernan, euskal kulturarekin lotutako argazkiak eta esaldiak daude aspalditik: Xalbador, Txirrita… eta tartean, Txillardegi. Orduan, gazte bati Txillardegi zein zen galdetuta, bertsolaria zela zioen. Kontua da, gainera, Txillardegik euskara maite zuela, baina bertsolaritza ez. Paradigma berri bat izan da Txillardegi; euskaldun kaletarra, alfabetatua, intelektuala, ohiko kultur nekazari hori bereziki landu ez duena. Beraz, horrekin lotzea nahasketa izugarria da.
Dokumentala nola osatu duzue?
Ideia asko izan ditugu dokumentalaren gidoia osatzeko, eta lagun asko gabiltza lanean. Orain aurkeztuko dugun dokumentalak
Txillardegi gogoan izena du, eta 45 minutuko iraupena izango du. Nolabaiteko zirriborroa da aurkeztuko duguna; ekarpen bat egin ahal izateko, bere ingurukoek eta berari buruz interesa dutenekin batera. Lehenengo muntaketa bat da, baina behin behinekoa. Behin betikoa izango da
Txillardegiren egunkari ezkutua. Hori osatuko dugu orain arteko materialarekin, aurreko gidoiekin, eta proiektatu ondoren jasoko dugunarekin.
Autoretza kolektiboa da, izan ere, Txillardegik zerbait izan badu, hori da herri mugimenduekin bat egin duela hasieratik. Zuzendari lanetan ari da Kote Camacho oiartzuarra, eta kultur eragileen laguntzak izan ditugu, bai musikan, bai materiala emanez…
Txillardegiren egunkari ezkutua bukatzean, zabaldu nahi dugu nazioarteko zirkuituetan, eta Euskal Herrian. Bazter guztietara iritsi nahi dugu.
Txillardegi laguna zenuen. Nolakoa zen egunerokoan?
Zoragarria, tipo goxoa. Oso gertukoa zen, apala eta umila, gauza guztietan, funtsezkoenetan izan ezik. Euskara batuaren defendatzailea izanda ere, beti kasu egiten zion hizkerari, eta ez zion sekula inori zuzentzen. Pianoa jotzen ere oso ona zen, eta garai batean, Parte Zaharrean, pianoak egoten ziren zenbait tokitan. Askotan jartzen zen pianoa jotzen, dena partiturarik gabe. Bere azken urteetan ere, gehien laguntzen ziena pianoa jotzea zen, asko erlaxatzen zen.