Aurten, 2016 jarduera antolatuko dituztela iragarri dute Antiguako gazteek.
Gazte ugari elkartu dira Bentaberri plazan, gertaerak salatzeko. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Haserre daude Antiguako gazteak, azken egunetan Txantxarreka Gaztetxearen bueltan izandako gorabeherak direla eta. Hain zuzen, bizilagun bat kexatu egin da abenduaren 31n gaztetxean egindako jaiarengatik,
El Diario Vasco egunkarira eskutitz bat bidalita: “Txantxarrekan egindako jarduera guztiek baino oihartzun handiagoa izan du bizilagun baten kexak. Albisteak amorruz bete gaitu, eta garbi diogu bertan jasotako eduki asko gezur hutsak direla”, diote gazteek.
Izan ere, kexaren ondorioz, Udaltzaingoa gaztetxean egon da aste honetan; udalaren baimena zuen bakarrizketa bat eten zutela diote, eta auzoko jaien barnean antolatutako kontzertuak ere debekatu dizkietela: “EAJ, hau al da Donostiarako proposatzen duzuen kultur eredua?”.
Edonola, gazteek ez dute etsitzeko asmorik, eta euren filosofiarekin lanean jarraitzeko asmoa dute: “Aurten, 2016 jarduera antolatuko ditugu”.