Larri dago Sara Majarenas euskal presoaren alaba, aitak labanaz eraso ostean
Sara Majarenas Intxaurrondoko euskal presoaren alaba larri dago, aitak labanaz eraso ostean. Genero indarkeria kasuen protokoloa martxan jarri dute.
Picassenteko espetxean (Valentzia, Herrialde Katalanak) dago Majarenas. Asteburuan, haren bi urteko alaba aitarengana joan zen, izan ere, haurra amarekin bizi da Picassenteko espetxean; Las Provincias egunkariak zabaldu duenez, aitak, Majarenasen bikotekideak, labanaz eraso zion haurrari. Ondoren, gizonak bere burua entregatu zuen polizia-etxean, esanez haurra hil zuela. Alaba bizirik zegoen larrialdi zerbitzuak iritsi zirenean. Bi ebakuntza egin behar izan dizkiote, eta uneotan Valentziako La Fe erietxeko zainketa intentsiboen unitatean dago.
Donostiako EH Bilduk ohar batez bidez adierazi du Majarenasen familiari laguntzeko bitarteko guztiak ziurtatu behar dizkiola Eneko Goia alkateak: “Harremanetan jar dadila, lehenik, familiarekin, Valentzian baitago, eta bigarrenik, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, erasoak jasaten dituzten adin txikikoak babesteko zerbitzuen laguntza bideratzeko”.
Bestalde, elkartasuna adierazi diote Majarenasi eta haren sendieei eta gaiaren inguruko segimendu zorrotza egiteko konpromisoa hartu dute.
Albistea osorik Berrian.