Udalak dio ez zuela Abegi Etxea zabaldu ez zelako izotz arriskurik iragarri
Urtarrilaren 25eko gauean neguko protokoloa bete zuela berretsi du.
Termometroek behera egin zuten urtarrilaren 25eko gauean, zero azpiko zenbakietara iritsi arte, hain zuzen ere. Horiek horrela, EH Bilduk atzoko udalbatzarrean salatu zuenez, Intxaurrondoko Abegi Etxera gerturatu ziren hainbat lagunek aterpea itxita topatu zuten. “Egoera larri” horren aurrean, koalizio abertzaleak interpelazioa aurkeztu zuen atzoko saioan. Haatik, Gizarte Ekintzako zinegotzi Aitziber San Romanek azaldu du Ate Irekiko Zerbitzua ez zela ireki “ez zirelako beharrezko baldintzak eman”.
Antza, San Romanen hitzetan, udalak ez zituen Abegi aterpetxeko ateak zabaldu “Euskalmetek Gipuzkoako kostaldean izotz arriskua egongo ez zela iragarri zuelako”. Era berean, zera esan du: “departamendu eta sail guztiak jakinaren gainean jarri genituen; ez zen deskoordinaziorik egon”. Ildo horretatik, horrela mintzatu da: “Abegi Etxea itxita egon arren, udalak bestelako zerbitzuak ditu, esaterako, Gaueko Aterpea”.
Udalak azaldutakoaren arabera, 2017an, Ate Irekiko Zerbitzua 11 egunetan ireki da eguraldi txarra eta itzoz arriskua izan delako. Egun horietako bakoitzean 10-20 lagun hartatu dituzte.
Gauzak horrela, zerbitzua abian jarriko dela nabarmendu du, “baldin eta Euskalmetek Gipuzkoako kostaldean izotz arriskua iragartzen duen”.