Urteetako buruhausteen ostean, azkenean proiektu bat adostu zuen udalak Txomin Enearako, eta 2015eko udan hasi zituzten benetako lanak; ibaia auzoaren lagun bihurtuko da aldaketa guztiekin.

Bizilagunen elkarteko Joaquin Perez Iriarte, Txomineko ibai parkean. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Borroka luzea da Txomin Eneako bizilagunena: «Hogeita hamar urte daramatzat gaiarekin. Aldaketa beharrezkoenak argi nituen; lehenengo, uholdeen kontua konpontzea, eta, ondoren, auzoa eraberritzea». Ahobizarrik gabe hitz egin dio Txomineko Lan Berri auzo elkarteko Joaquin Perez Iriartek Irutxuloko Hitzari. Pozik dago, auzoa azkenean itxuraldatzen ari delako, eta obren soinuengatik kexatzen direnek ez dutela arrazoirik uste du: «Lortzen ari garen aurrerapen guztiak begiratu beharko lituzkete». Dagoeneko hainbat babes horma jarriak dituzten arren, aurreko asteetako euriteekin, oraindik ere ez dutela lasai lo egin dio: «Ez gara benetan lasai egongo auzoaren maila guztiz igotzen duten artean. Asko hobetu du egoera Urumean egindako Uraren proiektuak. Azkenean, Urumeari aurpegiz begiratzen diogu, eta ez ipurdiz, azken urteetan bezala».
Ez da geldik egoten den horietakoa Perez; urteak egin ditu auzo elkarteko presidente gisa, eta, oraindik ere, saltsan jarraitzen du. Pozik oroitzen du Hiritar Merezimenduaren Domina jaso zuela, duela lau urte. «1983ko uholdeen garaian hasi ginen lanean. Konponbidea zein izan zitekeen pentsatzen hasi ginen, eta 1990. hamarkadan hartu zuen indarra gaiak. Azkenean, hainbat tirabira tarteko, benetako obra 2015 uztailean hasi zen: «Hastea kostatu zen, baina, momentu honetan, obra sekulako abiaduran dijoa». Guztira, hamasei proiektu aurkeztu zituzten lehiaketara, eta hirigintzako arduradunek hiru aukeratu zituzten. Tartean zegoen bizilagunek Izaskun Larzabalekin landu zuten proiektua, eta horrexek irabazi zuen, aldaketak egon badira ere.
Garai bateko Txomin auzotik ezer gutxi geratuko da Txomin berrian. Aintzieta pasealekutik Loiola aldera dagoen zati guztia botako dute, eta egungo etxebizitza gutxi geratuko dira zutik. Hiru eraikin bakarrik mantenduko dituzte: Aintzieta, Arebalo eta Araxi Enea. Perez azken eraikin horretan bizi da, eta bere etxeko leihoetatik kamioiak atzera eta aurrera lanean ikus daitezke. Hain justu, hortik Loiola aldera -luzeran-, eta, Kristobaldegi aldera -zabalean- kokatzen ari dira auzoaren erdigunea. Etxebizitza berrien eraikinak lurrera lotzeko, badira lurrazpira 30 metro sartu dituzten zutabeak. Horrela, auzoa goruntz zazpi metro igo dute. Tartean, kirol eta kulturarako eraikinak egitea ere aurreikusia dago. Anbulategi berria, aldiz, La Casera zegoen inguruan joango litzateke.
Lehen fasea 2019ko udarako bukatzea espero dute, eta Eusko Jaurlaritzaren babes ofizialeko 200 etxebizitzak faltako lirateke ondoren, baita espetxearen fasea ere: «Eusko Jaurlaritzak erositako lurretan, 2018an hastea aurreikusi dute». Etxebizitza berri batzuk Arebalotik Araxi Enea bitartean joango dira; eta, besteak, Arteleku zenaren inguruan. Dagoeneko bota dituzten etxe zaharretako 100 bizilagun inguru, hiriko beste auzo batzuetan ari dira bizitzen: Txomin zaharrean, Benta Berrin eta Morlansen.
Ibai parkea, forma hartzen
Ibai parkearen proiektua, uholde arriskua gutxitzeko planaren barruan dago, noski. Etxebizitza berrien eta ibaiaren arteko eremuan kokatua dago, eta zati bat egina dago. Urak estali dezakeen eremua izango da, baina ur goraldirik ez dagoen bitartean, aisialdirako erabiltzeko izango da. Helburua, uholdeek kalterik ez eragitea da, eta, aldi berean, hainbat ibilbideren bidez, ibai ertzaz eta natur inguruneaz gozatzeko aukera eskaintzea. Landare eta zuhaitz arteko ibilbidea izango da, 600 bat metrokoa, bizikletaz nahiz oinez egiteko modukoa.