Hiriko kaleak hartu dituzte emakumeen eskubideen alde. (Argazkia: Malen Aldalur)
Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira hiriko kaleak bete dituzte zahar, gazte eta helduek emakumeen eskubideak aldarrikatzeko.
Basakeria heteropatriarkalaren kontra, feminismoa zorroztu, feminismoa indartu lelopean egin dute mobilizazioa koordinakunde feministek deituta. Bulebarretik abiatu dute manifestazioa arratsaldeko 19:00etan eta Artzai Onaren aurrean eserialdia egin dute, Madrilen gose greba egin duten emakumeen lorpena ospatzeko.
“Gu gabe, apenas inork egingo dituen pertsonak zaintzeko lanak, prestazio sozialak gero eta urriagoak baitira; baina horretarako gure denbora jaten duen lanaldi bikoitzaren pean bizi gara. Feminizidioa eguneroko kontua da”, azaldu dute.
“Feminismoa zorrozten ari gara basakeria horren ordezko alternatibak eraikitzeko. Emakumeok planto egiten badugu, dena gelditzen da”, azaldu dute. Izan ere, azpimarratu dutenez, sistema kapitalistak “iraungo badu, emakumeek etxean egiten duten lanari balioa kendu eta menpeko gisa mantendu behar ditu”. Feminismo “antikapitalista, subertsiboa eta erradikala” aldarrikatu dute.
Aldarrikapenekin bukatzeko azken asteotan transfobia sustatzen duen
Hazte Oir taldearen autobusa salatu dute: “Gorrotoaren autobus hau egunotan Euskal herrian zehar dabil, transfobia hedatzen, LGTB kolektiboari eta sexu-aniztasunari erasoka. Gutako bat ukitzen badute, guztiok ukitzen gaituzte!”.
Zutik emakumeak abestu, eta batukadaren doinuan amaitu dute mobilizazioa.