Kalera aterako dira emakumeen eskubideen alde
Basakeria heteropatriarkalaren kontra, feminismoa zorroztu, feminismoa indartu lelopean elkarretaratzeetara deitu du koordinakunde feministak Euskal Herriko bost hiriburutan.
Donostian, 19:00etan bulebarrean egingo dute elkarretaratzea. Bestalde, Koordinakundeek bat egin dute nazioarteko lanuzte deialdiarekin, hirietan egingo dituzten ekintzen bidez: “Geldi dadila mundua, gu hiltzen ari baitira!”.
“Feminismoa zorrozten ari gara basakeria horren ordezko alternatibak eraikitzeko. Emakumeok planto egiten badugu, dena gelditzen da”, azaldu dute. Izan ere, azpimarratu dutenez, sistema kapitalistak “iraungo badu, emakumeek etxean egiten duten lanari balioa kendu eta menpeko gisa mantendu behar ditu”. Feminismo “antikapitalista, subertsiboa eta erradikala” aldarrikatu dute.
Mobilizaziorako deia egitearekin batera, azken asteotan transfobia sustatzen duen Hazte Oir taldearen autobusa salatu dute: “Gorrotoaren autobus hau egunotan Euskal herrian zehar dabil, transfobia hedatzen, LGTB kolektiboari eta sexu-aniztasunari erasoka. Gutako bat ukitzen badute, guztiok ukitzen gaituzte!”.
Emakundek “jarrera eredugarrietan” jarri du arreta. Berdintasuna nire baitan hasten da lema erabili du aurten egin duen kanpainak, eta gizarte parekide bat eraikitzeko norbanakoek egin ditzaketen ekintzei erreparatu die.
Udalak, berriz, emakume aitzindarien memoria berreskuratzeko ahalegina egin nahi du martxoaren 8aren harira. Hori dela eta, Clara Campoamorren eskultura lekuz aldatzeaz gain, beste hainbat jarduera ere egingo ditu. Horien artean, Emeek emana erakusketa Intxorta 1937k eta Mauro Saraviak antolatuta. Argazkiak eta narrazioak bildu dituzte, Euskal Herriko emakumeek 1936tik aurrera bizi izan zuten testuinguru historikoan jokatu zuten paper aktiboa berreskuratu nahian. Erakusketa martxoaren 23tik maiatzaren 7ra egongo da irekita, Aieteko kultur etxean.
Erlazionatutako edukiaClara Campoamorren eskultura inauguratu dute