Auzo gaztea da Morlans, baina bizilagun berriak ez daude geldik egoteko moduan; Euskara Batzordea sortu berri dute, eta Korrikaren ibilbidea lehen aldiz euren kaleetatik igarotzea lortu dute.
Euskara Batzordeko kideetako batzuk. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Auzoko euskararen egoerak kezkatuta, Euskara Batzordea sortu dute Morlansen. Auzo gaztea da oraindik, etxebizitza zaharrenek sei urte dituzte, eta bizilagunak euren artean ezagutzeko beste era bat gehiago dela diote bultzatzaileek. Morlanstarrak auzo elkartearen barnean sortu dute batzordea, eta, momentuz, lagun hauek dabiltza: Andrea Etxauri, Marta Etxeberria, Itziar Otaegi, Ainhoa Lasa, Ana Urrestarazu, Miren Arratibel, Eider Obeso eta Nerea Amenabar. Batzordeko batzuekin bildu da IRUTXULOKO HITZA, euren asmoen berri izateko.
Morlansen euskara gehiago entzutea gustatuko litzaizuke? Morlansko euskararen egoerak kezkatzen zaitu? euskara sustatu nahiko zenuke auzoan? Galdera horiek zabaldu zituzten WhatsApp, sare sozial eta kartelen bidez, Euskara Batzordea osatzeko. «Auzoan ez da asko hitz egiten euskaraz, ez helduen eta ez haurren artean, eta erabilera da bultzatu nahi duguna», azaldu du Etxeberriak. «Elkar ezagutzea ere bada helburuetako bat», gehitu du Etxaurik.
Duela bi urte jada Korrikan parte hartu zuten Morlansko bizilagunek, Amara Berrin. Aurten, ordea, Euskara Batzordearen lanari esker, lortu du lehen aldiz Korrika Morlasen sartzea. Hain zuzen, apirilaren 4an hartuko dute lekukoa, 20:53an. Duela bi urte lagun dezente elkartu ziren arren, aurten beldur dira, gaua izango delako, eta gauean mugimendurik apenas egoten delako auzoan.
Korrika iritsi aurretik, auzoa girotzeko, ongietorri jaia prestatu dute, apirilaren 2rako. Horrela, Korrikaren simulakroa egingo dute, auzoko kaleetan barrena. «Duela bi urte ere egin genuen, auzoko hamar talde banatu genituen, bakoitzak ibilbidearen zati batean lekukoa eramateko».
Espaloitik arituko dira korrika, zirkulazioa mozteko beharrik ez izateko. Parkeko haur eta gurasoak, tabernakoak, konposta egiten dutenak, futbolariak, Amara Berriko familiak, dantzariak, euskara ikasleak, danborradako kideak, gaztetxoak eta Morlans zaharrekoak izango dira taldeak.
Mintzodromoa izango da aurtengo ongietorriko berrikuntza nagusia. Asmoa da 20 lagun elkartzea, eta lau taldetan banatzea. «Batzuk jada badakigu etorriko direla, baina izen ematea zabalik daukagu», dio Etxaurik. Parte hartu nahi duenak
morlansberri@gmail.com posta elektronikora idatzi behar du.
Aurrera begira
Morlansko bizilagunak, duela bi urtetako Korrikan. (Argazkia: Morlanstarrak)
Datuak jaso berri dituzte Bageraren eskutik, euskararen erabileraren inguruan. Kontua da, Morlans ez dagoela auzo bezala sailkatua udalaren banaketan. Amara Berriren barnean dago Morlans ofizialki, eta Bagerak emandako diagnostikotik, euren kaleak atera beharko dituzte. «Gure irudipena da askok ez dakitela edo ez dutela erabiltzen. Askotan bizilagunen artean ezustekoak hartzen dituzu, euskaraz entzutean, ustez ez zekiela pentsatzen zenuen norbait». Haurrek euskaraz dakitela argi dute, D ereduan ikasten baitute, baina euskaraz aritzeko ohiturarik ez dutela diote.
Jaietarako ere buruan dute Euskara Batzorde gisa zerbait egitea, bereziki, haurrei begira. Aurrera begira, auzo elkartearen egoitzan bertan tailerrak edo bestelako jarduerak antolatzeko asmoa dute. «Auzoan ez dago elkartzeko lekurik, taberna eta parkea bakarrik. Gainera, etxabe ia guztiak ere hutsik daude, beraz, zaila da auzokoak elkartzea. Zain gaude udalak egoitzaren obra egiteko, elkartzeko gune bat izateko. Bitartean, biltegi gisa erabiltzen dugu», dio Etxeberriak.
Azken batean, bizilagun gehienek auzotik kanpo egiten duela bizitza diote, eta pixkanaka ari direla lanean elkar ezagutzeko. «Beharrak sortuta, auzo elkartea berehala sortu genuen. Jaiak dira beti gure erreferentea, baina badaude beti behar asko, azpiegituretatik hasita, eta horretarako elkartu beharra dugu», aipatu du Urrestarazuk.
Momentuz, astero biltzen ari dira, Korrikaren ongietorrirako eta Korrikaren egunerako guztia ongi lotzeko. Batzordean parte hartzeko ere partaide gehiago pozez jasoko dituzte, lana ez baita faltako.