Bi aukera legal proposatu ditu udal taldeak, hiritarren iritzia jakiteko.
EH Bilduko udal taldea, prentsa agerraldian.
Zezenketen kontsultaren harira, “hitzetatik ekintzetara” pasatzeko ordua iritsi dela uste du EH Bilduk. “Gure iritziz, bi bide legal posible daude”, azpimarratu du Amaia Almirall bozeramaileak. Batetik, Arrokako eredua dago. “Donostiako Udalak berak orain dela gutxi arroka frontoiaren inguruan herritarren iritzia jasotzeko formula”. Bestetik, Zestoako adibidea. “Zezenketei buruz galdetzeko Zestoan erabilitako bidea. Jakin badakigu ere PSOEk gobernatzen duen Madrileko beste herriren batean formula berdina erabili zutela, iaz”.
Galdeketa aurrera eramateko helburuarekin, aukera ezberdinetako sakontzea ezinbestekoa iruditzen zaio EH Bilduren udal taldeari. Horiek horrela, Eneko Goia alkatearekin bildu ziren gaiari irtenbide bat emateko. Espainiako Ministroen Kontseiluak kontsultari baimena ukatu ondoren, Goiak helegitea jartzeko asmoa agertu zuen. Eskaera egiterako orduan, EH Bildu abstenitu egin zen. Orain, ordea, prest dago helegitearen aurrean jarrera berrikusteko. “Alkateari adierazi genion prest geundela horretarako, baldin eta bide alternatiboak garaiz gauzatzeko konpromisoak hartzen baziren”.
Alkatearekin bilera egingo dute aste honetan, eta Almirallen ustez, “ez dago inongo arrazoirik bileratik konpromiso zehatzik ez hartzeko”. Izan ere, EH Bilduk dio “bi korapilo askatu” behar direla epe motzean. Bata, ea EH Bilduk helegitea babestuko duen, eta bestea, zezenketen inguruan hiritarren iritzia eta borondatea jakiteko udalak beste tresna legal bat bideratu behar duela.