Donostia prest dago Korrikarako. Pasaiatik iritsiko da asteartean, eta lau orduz euskarara batzeko deia zabalduko du hirian. Gaurtik hasita hainbat jarduera egingo dituzte Korrikari ongietorria egiteko.
Auzoz auzo igaroko dira
Bizkaian abiatu da lasterraldia, Otxandion, eta Nafarroan bukatuko da, Iruñean. Euskara batzeko 2.535 kilometro egingo dituzte hamar egunean, Batzuk lelopean. Donostiara asteartean iritsiko da Korrika, apirilaren 4an, arratsaldez, eta lekukoak eskurik esku egingo du lau orduko ibilbidea.
Duela bi urteko ibilbide antzekoa mantenduko du. Trintxerpetik iritsiko da Bidebietara, 18:08 inguruan. Donostia utziko du tarte batean, Pasai Antxora joateko, eta handik bueltan, Buenavistatik, Altzan sartuko da, 18:45ean. Eta, ttipi-ttapa, auzoz auzo igaroko dira: Intxaurrondo, Egia, Loiola, Martutene, Loiolako Erribera, Amara Berri, Morlans, Amara, Erdialdea, Gros, Parte Zaharra, Antigua eta Añorga. Ehunka herritar aterako dira bidera, Korrikarekin batera. Astebururako eta Korrikaren egunerako egitarau zabala prestatu dute auzo gehienetan.
Bidebieta-Altza

Irudian, martxoaren 29an Altzan egin zuten Korrikaren aurkezpena. (Argazkia: Lide Ferreira)
Bidebietan hainbat eragile batu egin dira Korrikari ongietorria egiteko. Gaur, ostirala, Bidebietako ikastetxeek antolatuta, Korrika Txikia egingo dute, 11:00etan. Larunbatean, egun osoko jaia ospatuko dute: triki-kalejira, euskal dantzak, puzgarriak, pintxo jaialdia, txokolate jatea, jolasak, auzo korrika… Eta asteartean, Korrika egunean, Ankla-ko biribilgunetik Mirakruz biribilgunerainoko lasterketa koloretsua egingo dute Bidebietan barrena. Ondoren, Herreraruntz joko dute.
Altzan, gaur, Maider Galarzaren Emakume basatia ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute. Altzanian izango da emanaldia, 19:30ean. Ondoren, korrika festa ospatuko dute. Astearte goizean Korrika Txikia egindo ute, 11:00etan, eta 14:30ean, Altzako Institutuan, Jose Mari Karrere ipuin kontalariak Txirritaren pasadizo batzuk kontatuko ditu.
Intxaurrondo
Indarrak bildu, aktibatu eta 20 orduz euskaraz bizitzeko erronka finkatu dute Intxaurrondon (Informazio gehiago, gehigarri honen 6. orrialdean). Korrika datorrela baliatuta egingo dute, gaur eta bihar egongo diren ekitaldi, ikuskizun eta otorduen bidez. Festak gune nagusi bat izango du. Izan ere, karpa bat jarriko dute Bernat Etxepare plazan, eta jarduera gehienak bertan garatuko dituzte. Umorea eta bizipoza izango dira ekitaldiaren ardatzak. Egitarauaren barruan, besteak beste, bazkari herrikoi bat egingo dute apirilaren 1ean, larunbata, 14:30ean.
Egia
Egiara 19:43ak inguruan iristekoa da Korrika, goitik. Korrika Txikia egingo dute 15:30ean, Egiako parketik. Haur txokoak eta Gaztelekuak antolatuta, jolasak egingo dituzte Plaza Haundin, 16:30etik aurrera. Euskararen aldeko tropela iritsi artean pintxo potea hasiko dute 18:30ean, hainbat tabernatan. Eta asteartea iritsi baino lehen ere Egiakoek izango dute plana. Gaur Le Bukowskin bertso musikatuen saioa egingo dute 20:00etan. Eta larunbat goizean, Txondorra gunean, Porrontxo jaiak berritzeko eztabaida prozesuarekin hasiko dira.
Loiola-Martutene
Loiolan 20:00etarako espero dute Korrika. Sagardo pintxopotea egingo dute Korrikaren alde, 18:30ean. Bihar, Latsarien plazan, Korrika iritseko gogotsu daudela erakutsiko dute. Eguerdian, hamabietatik aurrera, jarduera mordoa prestatuko dituzte: slackline-a, zanloak, malabareak, burbuila erraldoiak, eta maniki desafioa.
Martutenen hainbat egun eta lekutan egingo dituzte Korrikaren inguruko jarduerak. Izan ere, auzoko eragile askok antolatu dituzte tailerrak eta bestelakoak, adin desberdinetako jendea Korrikara gerturatzeko. Korrika egunean, Korrika Txikia egingo dute 15:15ean. Auzoan zehar Zirkorrika abestiaren erritmoan dantzatuko dira eta txokolate jate goxoa prestatuko dute. Gaztelekuan, Gu ta Gutarrak telebista saioko Hodei Marinekin festa egingo dute 17:30ean. Ondoren, Korrika nagusiari itxoiteko kalejira egingo dute, haur txokotik abiatuta. Haur txokoan Korrikako dortsalak egiteko tailerra hasiko da 18:00etan. 20:14rako espero dute Korrika. Bihar, larunbata, haur txokoan eta Gaztelekuan hainbat jarduera egingo dituzte arratsaldez, auzoa girotzeko.
Loiolako Erribera-Amara Berri
Loiolako Erriberan sartuko da Korrika 20:39an, eta lasterraldia berehala helduko da Amara Berrira. Amara Berrin nola egingo diote ongietorria Korrikari? Irun plazan elkartuko dira asteartean, arratsaldean. Korrika 20:45ak inguruan iritsiko da, eta 19:00etan geratu dira Arcco merkataritza zentroaren aurrean, euskararen aldeko tropelarekin bat egiteko. Txorizo dastaketa egingo dute, Eroski supermerkatuak emandako produktuekin, eta ondoren, musikarekin alaituko dute gunea, auzoko txistulari eta trikitilariekin. Amara Berriko Berritsu euskara batzordeak antolatu ditu Korrikarekin lotutako jarduera hauek guztiak.
Morlans-Amara
Duela bi urte jada Korrikan parte hartu zuten Morlansko bizilagunek, Amara Berrin. Aurten, ordea, Euskara Batzordearen lanari esker, lortu du lehen aldiz Korrika Morlansen sartzea. Asteartean hartuko dute lekukoa, 20:53an. Duela bi urte lagun dezente elkartu ziren arren, aurten beldur dira, gaua izango delako, eta gauean mugimendurik apenas egoten delako auzoan. Gogorik behintzat ez zaie falta. Petoak egiteko tailerra egingo dute 18:0etan, Leire plazan, eta txokolate jatea egingo dute, 19:00etan.
Korrika iritsi aurretik, auzoa girotzeko, ongietorri jaia prestatu dute, iganderako. Horrela, Korrikaren simulakroa (18:00) egingo dute, auzoko kaleetan barrena. Parkeko haur eta gurasoak, tabernakoak, konposta egiten dutenak, futbolariak, Amara Berriko familiak, dantzariak, euskara ikasleak, danborradako kideak, gaztetxoak eta Morlans zaharrekoak izango dira taldeak. Mintzodromoa izango da aurtengo ongietorriko berrikuntza nagusia (16:30).
Amarara, 21:00ak inguruan helduko da tropela. Easo plazan elkartuko dira bizilagunak, Korrikarako giroa berotzen hasteko. Txorizoa eta sagardoa dastatu ahal izango dira, 19:30etik aurrera. Korrika iritsi aurreko egunetan ere hainbat jarduera egingo dituzte. Gaur, Easo plazan elkartuko dira arratsaldean, bost eta erdietan. Korrikarako dortsalak egingo dituzte, txokolate jatea egingo dute, eta Korrika Txikia antolatuko dute. Triki poteoarekin bukatuko dute ostirala. Bihar, eguerdiko hamabietan, Eskola dantza taldeak dantza ikuskizun bat emango du. Ondoren, txorizo dastaketa egongo da.
Erdialdea-Gros
Erdialdeko kaleetara 21:06an iritsiko da Korrika. Handik Grosera bidea hartuko du Maria Cristina zubitik. Korrikaren harira hainbat jarduera prestatu dituzte. Korrika Txikia egingo dute 15:15ean, eta Korrika nagusia 21:15ak inguruan iritsiko da. Asteartea arte ez dira itxaroten egongo, eta biharko Korrika festa antolatu dute. Eguraldi txarra iragarri dutenez, Zurriola ikastolan ospatuko dute.
Bestalde, apirilaren 9an Korrikaren amaiera ikustera joateko autobusa antolatu dute Grosetik Iruñera. Autobusa 09:15ean irtengo da Kursaaletik, apirilaren 9an bertan. Txartelak salgai daude Marruman, Kiskurran eta Irrintzi AEKn.
Parte Zaharra
Gaur eta asteartea bitartean Korrika ospatzeko egitarau berezia prestatu dute auzoan. Gaur 20:30ean, Herria elkartean, Korrika karaokea egingo dute. Bihar, egun osoko egitarauaz gozatzeko aukera izango da: kantujira (12:00), erraldoiak (12:30), argazki erraldoia Konstituzio plazan (14:00), Korrika bazkaria (14:30), haur joalsak (16:30), erromeria (18:30)… Igandean, Bretxako erakusleihoan Korrika guztiak erakusketa irekiko dute.
Antigua-Añorga
Antiguan ere egitarau berezia prestatu dute Korrikari ongietorria egiteko. Bihar, kantu babarrun bazkaria egingo dute Itzurun elkartean. Arratsaldean Korrika Festa egingo dute Sert plazan. Umeentzako jolasak prestatuko dituzte, zunba saio bat egingo dute, eta arratsaldea bukatzeko, zuzeneko musikaz beteko dute plaza, Oihu eta Herenegun taldeen zuzeneko musikarekin. Asteartean, Korrika txikia egingo dute 10:3ean, eta iluntzean barrikotea egingo dute Txalupaginene plazan, 19:30ean. Korrika Antiguara 22:05ak inguruan iristea espero dute.
Añorgako bizilagunak Korrika noiz iritsiko zain daude jada. Itxaronaldia arinagoa egiteko, egitarau zabala antolatu dute, eta Korrikako zirkua ere eramango dute auzora: «Parte hartu eta animatu mozorrotuta etortzera, denon artean Añorga zirku bilaka dezagun!». Gaur, 18:00etan, BatZuk, euskararen lau aurpegi dokumentalaren emanaldia egingo dute, museoan. Egileek dokumentala aurkeztuko dute museoan, eta ondoren, solasaldia egingo dute. Astearterako Zirkorrika egingo dute frontoian. Arratsaldeko seietatik hasita, haurrentzako eskulan tailerra, zirko tailerra, eta afari merienda egingo dute. 22:30ean denek Korrikarekin bat egingo dute.