36ko gerrak 90 urte: hamarkada iraultzaile baten amaiera
90 urte beteko dira bihar, uztailak 18, Espainiako armadako sektore faxistak erregimen errepublikanoaren aurka altxa eta 1936ko gerra hastea eragin zutenetik. Ia 40 urteko frankismo iluna eta gaurdaino heltzen den haren aztarna luzea izan ziren horren emaitza, baina irakaspenak ere utzi zituzten orduko gertakariek. Donostian, militar kolpistak mendean hartzea lortu zuen herri antolatuak, Donostiako Komuna gisa ezagutzen den bi hilabeteko esperientzia iraultzaileari bide emanez. Hori, ordea, ez zen posible izango 1930eko hamarkadako hiriko testuinguru politiko eta soziala ulertu gabe.
Miliziano antifaxistak eta langileak, Donostian, 1936ko udan.Agustina Zugasti/Kutxateka 90 urte. Lerrook irakurtzen hasi den baten batek, segur aski, urte batzuk gehiago izango ditu eta berak zuzenean edo zeharka bizitakoak izango dira hurrengo orrialdeak betetzen dituzten gertakariak. Irakurle gehienek, ordea, ziurrenik, 90 urtetik behera izango dituzte, baina urteurrenaren nondik norakoak ezagutuko dituzte: biharko egunez, duela 90 urte, 1936ko uztailaren 18an, Emilio Mola, Jose Sanjurjo eta Francisco Franco jeneralak buru, Espainiako Errepublikaren aurka altxatu zen Espainiako armadako zati handi bat, gizarteko sektore eskuindar eta ultraeskuindarren babesarekin.
Donostian, Loiolako kuarteletako militarrak ere altxatu ziren erregimen demokratikoaren aurka, baina antifaxista donostiarrek indar kolpistak garaitu eta mendean hartu zituzten, baita hiria ia bi hilabetez kontrolatu ere. Esperientzia horri Donostiako Komuna deitu zion Manuel Chiapuso anarkista donostiarrak Los anarquistas y la guerra en Euskadi. La Comuna de San Sebastián liburuan (Txertoa, 1977). Ez zen esperientzia perfektua izan, baina izan zitekeen Donostiaren erakusgarri da, baita 1930eko hamarkadan zehar indartzen joan zen joera iraultzailearena ere.
Indarrak, ezker-eskuin
Garai nahasiak ziren 1930eko hamarkadakoak, Donostian ez ezik, Euskal Herri osoan, Espainiako Estatuan eta Europan ere. Faxismoa gora egiten ari zen etengabe, baina ezkerreko indar iraultzaileek ere indar handia zuten, alderdi politikoek zein sindikatuek. Langile klasearen bizi baldintzak oso gogorrak ziren eta langile borroka oso zabalduta zegoen, baina boteredunek euren pribilegioak defendatzen zituzten, eta, beraz, garai gatazkatsuak bizi ziren. Baita Donostian ere.
Mario Salegi gudari donostiarrak Mario Salegi. La pasión del siglo XX (Iñaki Egaña, Txalaparta, 1999) liburuan kontatutakoak dira horren erakusgarri, esaterako: «Garai hartan, iskanbilak egoten ziren egunero, eta armatuta ibili ohi ginen. Bulebarrean, sozialistak eta komunistak elkartzen ginen egunkariak saltzen [gaztetan, komunista zen Salegi, gerora, abertzalea izan zen], eta falangistekin borrokatzen ginen, Iturrino anaien zuzendaritzapean egoten zirenak». Ildo beretik azaldu zuen Chiapusok estatu kolpe faxista, arestian aipaturiko lanean: «Diruak, sableak eta isipuak hirutan beteko zuten estuproa. Helburua? Bilakaera historikoagatik mende hasieran dagoeneko errealitate nazionalaren zati den sustrai proletarioa suntsitzea. Katolizismoak arriskutsutzat jotzen du bere aurka jendartean dagoen grina aldarrikatzailea, bere esku hartze politikoaren eta diktadura fisiko zein espiritualaren ondorioz existitzen dena».
Horrela, ezker-eskuin, hainbat erakundetan antolatuta zeuden herritar asko. 1936an, EAJ eta EAE (gaztelaniazko ANV siglekin ezagunagoa) ziren alderdi abertzale nagusiak, kontserbadorea bata eta ezkertiarra bestea. Alderdi errepublikanoei dagokienez, Izquierda Republicana (IR), Union Republicana (UR) eta Ezquerra Vasca Federal (EVF) ziren indarra zutenak. Ezker espainiarrean, PSOE alderdi sozialista eta PCE alderdi komunista gailentzen ziren. Azkenik, eskuin espainiarrean, Comunion Tradicionalista, Union Regionalista de Guipuzcoa (URG), Derecha Vasca Autonoma (DVA) eta Falange Espainola ziren nagusi. Alderdi politikoetatik harago, sindikatuek ere indar handia zuten; hauek ziren nagusiak Gipuzkoan eta Donostian: UGT, ELA —SOV Solidaridad de Obreros Vascos gisa ezaguna orduan—, CGTU eta CNT. Milaka afiliatu zituzten sindikatuek, langile mugimenduaren indarra erakutsiz.
1930eko hamarkadako giro gatazkatsu eta iraultzaile horretan, ohikoak ziren, baita ere, pistolariak; baita Donostian ere
Grebak eta borroka
Ezkerreko eta eskuineko antolakuntza maila hori Gipuzkoan eta Donostian ematen zen, baina ez modu isolatuan, Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko gainontzeko hiri eta lurraldeetan ere hala gertatzen baitzen; are gehiago, askotan, Gipuzkoan eta Donostian baino modu askoz ere indartsuagoan. Hain zuzen ere, historiografikoki, 1930eko hamarkadako gatazka sozial eta politikoak aipatu izan dira 1936ko uztailaren 18ko estatu kolpea eta ondorengo gerra bera ulertzeko faktore gisa. Pedro Barruso historialariak Verano y Revolución. La Guerra Civil en Gipuzkoa lanean azaldu zuenez, ordea, giro gatazkatsu hori ez zen horren nabaria Gipuzkoan, baina bai Donostian: «Hainbat indar politikoren miliziak egon arren (MAOC, sozialistak, erreketeak eta falangistak), indar politiko horiek Donostiako eskualdean zuten eragina batez ere, eta oso presentzia urria zuten lurraldeko gainerako eremuetan». Horrela, 1930eko hamarkadan zehar, ugariak izan ziren grebak, pistolariak, atentatuak, atxiloketak eta, oro har, borrokak eta indarkeria kasuak.
1930. urtean bertan izan zen nabarmentzeko moduko hamarkada horretako lehenengo greba Donostian, errepublika ezarri aurretik. Espainiako monarkia deuseztatzeko, Espainiako indar errepublikano nagusiek urte hartan erdietsi zuten Donostiako Ituna akordio ezaguna, eta, besteak beste, batzorde iraultzaile bat sortu zuten. Batzorde horrek greba orokorrera deitu zuen abenduan, eta hainbat egunez iraun zuen, baita Gipuzkoa osoan istiluak eragin ere.
Hain zuzen ere, Barrusok El Movimiento Obrero en Guipuzcoa durante la II República. Organizaciones obreras y dinámica sindical (1931-1936) doktore tesian jaso zuenez, 1930eko abenduaren 15ean, hogei bat errepublikazale, pistolak eskuetan zituztela, Gobernu Zibila hartzen saiatu ziren, hiru guardia zaurituz eta Emilio Montero sarjentua hilez. Tiroketak egon ziren jarraian Gipuzkoa plazan, eta Modesto Lopez de Munain guardia hil zuten errepublikanoek. Gerra egoera ezarri zuten Donostian eta ekinbide armatua gelditu zuten indar monarkikoek, baina grebak aurrera jarraitu zuen hainbat egunez, nahiz eta errepublika hurrengo urteko udal hauteskundeen ondoren ezarri zuten.
Grebak eta langile borroka, ordea, ez ziren errepublika ezartzearekin bukatu. Barrusok urtez urte jaso zituen Gipuzkoako grebak aipaturiko tesian, eta datuak adierazgarriak dira. Hain justu, 1931n, hamahiru greba egin zituzten hainbat sektoretako langileek Gipuzkoan, horietatik, sei Donostian; 1932an, hamasei greba egon ziren Gipuzkoan, bost Donostian; 1933an, hamabi greba Gipuzkoan, hiru Donostian; 1934an, 26 Gipuzkoan, hamabi Donostian; 1935ean, hiru Gipuzkoan, bat Donostian eta, azkenik, 1936an (uztaileko estatu kolpea baino lehenago), 27 Gipuzkoan, bederatzi Donostian.
Greba horietan guztietan ez zeuden soilik gizon langileak, emakume langileak ere bazeuden, historiografiak sarritan alde batera utzi baditu ere. Hain zuzen ere, hala kontatu zuen Casilda Hernaez Donostiako militante anarkista ezagunak Luis Maria Jimenez de Aberasturiren Casilda, miliciana liburuan (Txertoa, 1985): «Lantegi batean greba egiten zen bakoitzean —baziren osorik emakumeez osaturiko tailerrak— gizonei baino askoz ere gutxiago ordaintzen zitzaielako, han geunden gu».
Ategorrieta eta 34ko iraultza
Grebei dagokienez, bereziki nabarmentzeko modukoa da 1931ko maiatzean —errepublika ezarrita zegoen dagoeneko, eta indar ezkertiarrak zeuden gobernuan— Pasaiako arrantzaleek egindakoa. Ez zen Donostiako greba bat izan bere horretan, baina Donostian izan zituen ondorio latzak, grebalariak Pasaiatik hirira manifestazioan zetozela, Guardia Zibilak tiro egin zuen euren aurka Ategorrietan, zazpi langile hilez eta beste asko zaurituz. Ategorrietako sarraskia da gertakari hori, eta, hain zuzen ere, gerra testuinguru batetik kanpo langileen aurka Euskal Herrian inoiz gertatutako sarraskirik handiena izan zen. Istilu handiak izan ziren hurrengo orduetan Donostian, eta, besteak beste, hainbat tranbia irauli zituzten grebalariek.
1934ko urriko Asturiasko iraultza ere aipatzekoa da, Asturiastik kanpo ere oihartzuna eduki zuelako. Grebara deitu zuten, eta, Euskal Herrian, nagusiki Eibarren eta Arrasaten eduki zuen indarra. Donostian, hala ere, barrikadak altxatu zituzten hainbat lekutan egun haietan, tiro hotsak eta borrokak ugariak izan ziren eta, gutxienez, bi pertsona hil ziren borrokaldien harira.
1930eko hamarkadako giro gatazkatsu eta iraultzaile horretan, ohikoak ziren, baita ere, pistolariak; baita Donostian ere, noski. Eredu gisa, 1934 hartan gertatutakoa. Irailean, Manuel Pascual Carrion Donostiako falangisten nagusia eta hiriko enpresari ezaguna tiroz hil zuten ezkertiarrek, Prim kalean. Erantzun gisa, hurrengo egunean, falangistek Manuel Andres Casaus militante errepublikano eta kazetaria hil zuten, Peña y Goñi kalean.
Garaipena eta Donostiako Komuna
1930eko hamarkadako testuinguru gatazkatsu eta iraultzaile hori Donostian baino askoz indartsuagoa zen estatuko beste hiri eta lurralde batzuetan, hala nola Bartzelonan. Hala ere, giro iraultzaile hori erreala zenaren erakusgarri nagusia da 1936ko gerra lehertu zenean, herri antolatua soldadu profesionalei aurre egin eta garaitzeko gai izan zela. Baita indar iraultzaileak, ondoren, ia bi hilabetez, Chiapusok Donostiako Komuna gisa definitu zuena ezartzeko gai izan zirela ere. Eta, azkenik, baita El Diario Vasco egunkariak —hasieratik, altxamendu faxista babestu zuen— irailaren 14an, frankistek hiria hartu ostean, azalean ateratako titularra ere: «Armada espainiar loriatsuak, errekete nafar kementsuek eta milizia faxistek Donostia liberatu dute, bi hilabetez gaizkile eta hiltzaile gorrien saldoek ezarritako tirania izugarritik».
«Tirania izugarria» izango zen, ziur, ordura arte eta horren ondoren etorri zen ia 40 urteko diktaduran herri langilea zapalduta eduki zuten boteredunentzat. Aldiz, beste mundu bat eraikitzea posible zela erakutsi zuten indar antifaxistek. CNT sindikatua buru izanik Larramendi kalearen inguruan kuarteletako militarren erasoaldia gelditu —Eibartik momentu egokian iritsi zen milizianoz beteriko trenaren parte hartze garrantzitsuarekin—, kuartelak setiatu, militarrak amore emanarazi eta Gipuzkoako defentsa antolatu ostean, langile mugimenduak, Gipuzkoako Defentsa Batzordearekin batera, bere gain hartu zuten hiriko bizitza ekonomiko eta politikoa.
Balio dezala 90. urteurren honek, bada, faxismoa garaitzea lortu zuen Donostia hori bizirik dagoela aldarrikatzeko
Ministerio moduko batzuk sortu zituzten, banketxeak eta enpresariak soldatak ordaintzera behartu zituzten, lantegi askoren kontrola euren gain hartu zuten eta jantoki sozialak sortu zituzten, besteak beste. Gabezia handiak izan zituen esperientzia hark, besteak beste, ez zuelako lortu kaleko indarkeriaren kaosa guztiz kontrolatzea eta oso matxista zelako. Dena dela, laburra eta ez guztiz eredugarria izanik ere, esperientzia iraultzaile bat izan zen, gerra betean, Donostiako herri antolatuak garatu zuena eta irakaspen ugari utzi zituena. Eta soilik aurreko urteetan zabaldutako langile mugimenduari esker uler daitekeena. Gerra irabazi, eta esperientzia horrek iraun izan balu, nolakoa izango litzateke Donostia egun? Nolakoa izango litzateke Euskal Herria?
1936ko irailetik aurrera etorri zena, tamalez, aski jakina da: diktadura faxista luze bat eta, haren eskutik, milaka atxilotu, torturatu, fusilatu eta errepresaliatu, Donostian eta estatu osoan. Ultraeskuinaren gorakadarekin, gaur egungo garai historikoak eta 1930eko hamarkadakoak antzekotasunak dituztela diote askok. Balio dezala 90. urteurren honek, bada, faxismoa garaitzea lortu zuen Donostia hori bizirik dagoela aldarrikatzeko eta, 36ko gerra ez ezik, Donostiako Komuna eta 1930eko hamarkadan bizitako guztia gogoratzeko eta presente edukitzeko ere.

36KO GERRA DONOSTIAN, KRONOLOGIA LABURRA
Uztailaren 21a
Uztailaren 18tik, tentsio handia zegoen Donostian, eta Loiolako kuarteletako militarrak hiria hartzeko prestatzen ari ziren. 21ean atera ziren Loiolako kuarteletatik, baina hiriko indar antifaxistak antolatuta zeuden dagoeneko.
Uztailaren 22a
Goizaldean, hiriko eraikin esanguratsuenak hartu zituen kuarteletatik ateratako kolpisten zutabe batek: Maria Cristina hotela, kasinoa (egungo udaletxea), Nautikoa eta Komandantzia Militarra. Beste zutabe bat, aldiz, Amaratik sartzen saiatu zen, baina Larramendi kalearen inguruan, CNT sindikatu anarkistak gidatutako erresistentziarekin topo egin zuten. Herri antolatuak militarrak geldiarazi zituen bertan.
Uztailaren 23a
Erasoa gelditzea lortu zuten errepublikanoek, eta kolpistak aipaturiko eraikin esanguratsuetan eta Loiolako kuarteletan setiatu zituzten. Kuartelen inguruan, Ametzagainako eta Polloeko eremuetan, borrokaldiak egon ziren, eta hegazkin batetik panfletoak bota zituzten kuarteletara, amore emateko esanez.
Uztailaren 26a eta 27a
Gipuzkoako indar errepublikanoen ordezkariek negoziazioak egin zituzten Loiolako kuarteletako zubian kolpisten buruzagiekin. Antifaxisten setioak aurrera jarraitzen zuen.
Uztailaren 28a
Altxamendu faxistarekin bat egin zuten militarrek amore eman zuten. Kuartelak milizianoen esku gelditu ziren, eta lehen armatze ofiziala egin zuten. Donostiako Komuna esperientzia iraultzailea jaio zen.
Abuztua
Donostia Gipuzkoako Defentsa Batzordearen esku egonik ere, frankistek zenbait erasoaldi egin zituzten, bonbardaketak eginez, besteak beste. Errepublikanoek Gipuzkoako defentsa antolatu, eta tropak bidali zituzten hainbat frontetara; Irungora, bereziki.
Irailaren 4a
Irungo frontea erori ondoren, Donostiara hurbiltzen hasi ziren faxistak. Gerra Batzordea bildu egin zen, eta irailaren lehenengo egunetan donostiarrak Bilbo aldera ebakuatzen hasi ziren.
Irailaren 13a
Tropa frankistak Donostian sartu ziren eguerdian, Mirakruz kaletik.
Irailaren 15a
Donostiako azken
borrokaldiak eman ziren Mendizorrotzen. Hortik aurrera, hiria frankisten esku gelditu zen eta bukatu egin zen Donostiako Komunaren esperientzia. Frankisten errepresioa bortitza izan zen, besteak beste, ehunka pertsona atxilotu eta fusilatu baitzituzten.







