Donostiak 186.377 biztanle ditu
Eneko Goia alkateak 2016 amaierako erroldaren datuak aurkeztu ditu.
2016ko abenduaren 31ko datuen arabera, Donostian 186.377 biztanle daude erroldatuta. Zifra iazkoaren oso antzekoa da. Eneko Goia alkateak eman ditu datuak Tokiko Gobernu Batzordearen osteko prentsaurrekoan.
Auzoei begira, Amara Berri da biztanle gehien dituena (30.105). Hurrengo biak, Erdialdea (21.889) eta Altza (20.258) dira. Aldiz, biztanle kopuru txikiena duten auzoak ondorengoak dira: Landarbaso (13), Zubieta (294) eta Igeldo (1.083).
Datuen arabera, emakumezkoak gehiago dira gizonezkoak baino. Donostian 98.739 emakume daude erroldatuta (%52,98) eta 87.638 gizon (%47,02.). Adin tarteari dagokionez, 1.020 haurrek urtebete baino gutxiago zuten 2016ko abenduan (502 neska eta 518 mutil), eta pertsona zaharrenak 108 urte zituen. Hain zuzen ere, Aieteko emakume bat da Donostiako biztanle zaharrena. Nolanahi ere, 51 eta 60 urte arteko adin tartea da donostiar gehien dituena (28.794).
Horrez gain, hirian 130 herritartasun ezberdineko pertsonak bizi dira (Espainiar estatuan jaiotakoak ez dira atzerritar bezala zenbatu). 8.000 biztanle inguru dira atzerrian jaiotakoak (%6,70). Horien artetik, Honduras (1.481), Nikaragua (1.291) eta Maroko (806) herrialdekoak dira gehiengoa. Gainera, erroldan beste hainbat herrialdetako donostiarrak daude, bakoitzeko bat: Afganistan, Bahrein, Txad, Irak, Jordania, Kazakhstan, Kirgizistan, Maurizio, Qatar, Sri-Lanka eta Tanzania.