Udaleko lana ikasleei erakusteko praktikak sustatu ditu Donostiako Udalak
Unibertsitateetako eta prestakuntza zikloetako ikasleen praktika akademikoen programaren oinarri arautzaileak onartu ditu Donostiako Udalak. Hori dela eta, ikasleek praktikak egin ahal izango dituzte udalean, eta 100 euroko diru-laguntza izango dute.
Iaz 30 pertsona izan ziren praktiketan, gehienak Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleak. Gizarte Ongizatea, Gazteria, Udaltzaingoa Hirigintza eta Euskara Zerbitzuaren sailetan aritu ziren. Aurten, 18 ikaslek egin dute eskaera udalean praktikak egiteko, eta gehienak EHUn Zuzenbidea ari dira ikasten.
Egitasmoa Gobernu Irekia lortzeko eta gazteei laguntzeko lerro estrategikoaren baitan dago, eta horrela, politikariek nahiz funtzionarioek egiten duten lana ezagutzeko aukera izango dute. Horrez gain, egitasmoaren helburua da belaunaldi berrietako pertsonak udalera erakartzea, etorkizunera begira arlo publikoan parte hartzeko interesa pizteko.