La Farandula gunea ireki dute Egia auzoan, iraupen laburreko antzezlan eta ikuskizunak eskaintzeko. Hiru areto, arte galeria eta taberna ditu. Obrak ikusgai daude ostegunetik igandera.

Amaia Lizarralde aktorea da programazio arduraduna. (Argazkia: I. Esnaola)
Egia izendatuko dute aurki Donostiako kulturaren auzoa. Azken urteetan, zuzeneko musika eskaintzen duten taberna zein aretoekin batera, zineak, antzerkiak eta arteak, oro har, bere lekua egin du Egian. Orain, topaleku berri bat du auzoak: La Farandula mikro-antzerki taberna.
Egia kalean goraka hasi eta berehala dago formatu txikiko antzerkiari eskainitako gune berria –10. zenbakian–. Kanpotik dirudiena baino handiago da barrutik. Eskailerak behera egin eta harrigarria da duen eremu handi eta zabala. Taberna berehala ikusten da, baina hiru antzerki aretoak ezkutuan ditu, bukaera aldean. Ikusi nahi dituenak, bertara joan beharko du.
Mikro-antzerkia gustuko duten hainbat pertsonek sustatu dute La Farandula. Oscar Terol aktoreak, Michel Ramos margolariak eta Jon Sagarzazu diseinatzaile grafikoak jarri dute abian, Amaia Lizarralde aktore donostiarrarekin batera. «Mikro-antzerkia Madrilen bizi nintzela ezagutu nuen, eta asko gustatu zitzaidan. Hori dela eta, proiektu bat lantzea erabaki nuen. Ondoren, San Frantziskora joan nintzen bizitzera, eta bertan ideia garatu eta praktikan jarri nuen», azaldu du Lizarraldek.
Duela hiru urte itzuli zen Donostiara, familiarekin batera. AEBetako saiakeraren ondoren, mikro-antzerkiaren proiektua buruan zuen Lizarraldek: «Formatu txikiko antzerkiari eskainitako leku bat sortzeko gogoa nuen, baina dirua eta denbora behar nituen. Horrelako batean, jakin nuen Terolek asmoa zuela Donostian mikro-antzerkiaren gune bat irekitzeko».
Antzerkia ingelesez irakasten die haurrei Lizarraldek, eta klaseak eskaintzeko gunea izan zitekeelakoan Teroli deitu zion. «Oraindik proiektua definitu gabe zegoela esan zidan. Hilabete batzuk beranduago, ordea, bigarrenez hitz egin genuenean, mikro-antzerkia asko gustatzen zitzaidala esan nion. Ilusio berezia egin zion», azaldu du Lizarraldek. Bi hilabetera, Terolek deitu zion La Farandula gunearen parte izateko.
Urtebeteko lana
Pasa den urteko maiatzean hasi ziren Egia kaleko gunea atontzen. Programazioa, aldiz, azaroan hasi ziren definitzen Terol eta Lizarralde. «Oso zaila izan da programazioa diseinatzea, aukera oso zabala delako». Dena dela, Microteatro por Dinero egitasmoaren sarean daudenez, obra askoren testuak eskura dituzte. «Terolek arrakasta izan duten hainbat obra ekarri zituen, eta horiek irakurtzen ibili ginen. Komedia interesgarrienak aukeratu genituen», dio Lizarraldek.
Aktoreak casting baten bidez hautatu zituzten ondoren, eta hamabost minutuko antzezlanak lantzen hasi ziren. «Aktoreekin elkarrizketak, irakurketak eta entseguak egiten hasi ginen. Zuzendaritza lanetarako Kike Diaz de Rada fitxatu genuen, eta ni nabil zuzendari laguntzaile bezala».
Hiru areto ditu La Farandulak, baina «antzoki txikiak» direla uste du Lizarraldek: «Teloi beltzak, argiztapena, soinu ekipoak, eszenografia aldatzeko aukera… profesionalak dira hiru aretoak. Terol eta bion artean prestatu ditugu». Bakoitzean 20 ikus-entzule sartzen dira, eta aktoreak aurrez aurre topatuko dituzte emanaldi bakoitzean.
Lehen hiru obrak pasa den astean aurkeztu zituzten La Farandulan: La Bruta Belica, Sopa de Colibri/Kolibri zopa eta Tribulaciones de un Gigolo. Azken biak, gunean bertan ekoizturikoak dira. Hiruetan euskal aktoreak dira protagonista. «Hemengo aktoreak ez ditugu ezagutzen. Goenkalen agerturikoak baino askoz gehiago dira, eta nire ustez, aukera paregabea da La Farandula beraientzat», azpimarratu du Lizarraldek.
Ostegunetik igandera ikus daitezke aipaturiko hiru obrak, ordutegi ezberdinarekin. «Hamabost minutukoak dira, eta egun bakoitzean bost aldiz eskaintzen dute antzezlana». Ostegunetik larunbatera 20:00etatik aurrera ikus daitezke, eta igandetan arratsaldeko 18:30ean hasita.
Martxoaren 30ean inauguratu zutenetik, 750 pertsona pasa dira La Farandulatik obrak ikustera, eta taberna jendez beteta izan dute. «Harrera ezin hobea izan du guneak, harrituta eta oso pozik gaude erantzunarekin. Ea mantentzen den», azaldu du Lizarraldek.
Gaueko sesioak laster
Apirileko bigarren hamabostalditik aurrera, Sesion golfa delakoa abian jarriko dute. «Gaueko 22:30etik aurrera hiru obra eskaintzen hasiko gara 00:30ak arte». Horiek horrela, hiru aretoetako obrak ikusi nahi dituenak ordutegi zabalagoa izango du aukeratzeko.
Aurrera begira, aldiz, lau obra berri eskainiko dituzte. Apirilaren 13an Yo lo dejo/Nik uzten dut antzezlana estreinatuko dute, gazteleraz zein euskaraz. Apirilaren 29an, berriz, beste hiru obra aurkeztuko dituzte: Follower,?Cuidado con lo que deseas eta Nacimiento.
Aurrerantzean, mikro-antzerkiaz gozatu nahi duenak gune berri bat du eskura Egia auzoan.