Mikel Laboaren muralaren ezabaketa aztertuko du Donostiako Udalak
Antiguako Gorgatxo plazan zegoen Mikel Laboaren omenezko murala ezabatu dute. Berria egunkariak argitaratu duenez, Donostiako garbiketaz arduratzen den Garbitu enpresako langileek ostiral eguerdian ezabatu zuten murala. Hain zuzen ere, Whatsapp bidez zabalduriko mezu batek jakinarazi du gertaturikoa.
Hasiera batean, sare sozialetan Donostiako Udala jo dute ezabaketaren erantzule. Ordea, Eneko Goia alkateak Twitter bidezko bi txioren bidez, gertaturikoa salatu du eta gertaturikoa argitzeko konpromisoa hartu du: “Ez dugu bat egiten Mikel Laboaren muralaren ezabatzearekin. Hiri-mantentzearen enpresari azalpenak eskatu dizkiogu ardura nork duen jakiteko”. Ondokoa ere gaineratu du: “Mikel Laboa Donostiako ikur maitatu bat da eta murala horren adierazle da. Sensibilidaderik ez du izan murala kentzeko agindua eman duenak”.
Ezabatu duten muralean, Laboaren irudia ez ezik ondoko esaldia ere irakur zitekeen: “Tronpatzerik ez! bizitza ez da huskeria, edan ase arte beretik ez da aski izango galtzear zaudelarik”.