Anoeta futbol zelaia eraberritzeko lanak hasi dituzte
2018ko urrirako aurreikusi dute obrak bukatzea, eta 47 milioi euroko aurrekontua izango du
Gaur hasi dituzte Anoetako futbol zelaia egokitzeko lanak. Atletismo pistak kendu eta zelaia berrituko dute. Aurreikuspenak betez gero, Realak 2019-2020 denboraldirako izango du zelaia eraberrituta eta erabilgarri. Lanek 47 milioi euroko aurrekontua dute. Horietatik 10 milioi Eusko Jaurlaritzak jarriko ditu, 4 Gipuzkoako Foru Aldundiak eta gainontzekoa Realak ordainduko du.
Udalak ez du ekarpen ekonomikorik egingo, Eneko Goia alkateak azpimarratu duenez. Horrez gain, azaldu du obrak hiru alditan egingo dituztela. Gaur hasi dituzte eta 2018ko urrirako bukatzea espero dute. Lanik zaileank datorren urteko udan egingo dituzte, berdegunea metro eta erdi jaitsiko dutelako. Hori dela eta, Realak 2018-2019 denboraldi hasierako neurketaren bat Anoetatik kanpo jokatu beharko du.
Zelai eraberrituak 42.000 ikuslerentzako lekua izango du. Kontuan izanik, bukatu berri den denboraldian Anoetara hurbildu direnen bataz bestekoa 20.000 zaletura ez dela iritsi, erronka bat dut hor talde txuri urdinak. Bestalde, Jokin Aperribai Realeko presidenteak esan du zelaiari izena aldatzeko aukera mahai-gainean dagoela.
Eraberritzeak eta eskaerak
Estadioarekin batera, bertan dauden kirol federazioen egoitzak berritu, eta gainontzeko instalazioak –Ernest Lluch kultur etxea, tartean dela– egokituko dituzte. Anoeta inguruko instalazioekin duten berritze premiaz galdetuta, Goiak adierazi du udalaren asmoen artean daudela, baina dirua behar dela horretarako. Hain zuzen ere, Anoetako estadio txikiak, Gaska kiroldegiak, Anoetako Belodromoak eta Illunbeko kirol instalazioek eraberritze bat behar dutela eskatu izan dute kirol talde eta erabiltzaileek.