Hiriko biztanleriaren %24k 65 urtetik gora dute. Gizartearen zati garrantzitsu bat dira eta gauza asko dituzte esateko eta egiteko. Baina beraien neurrira egina ote dago Donostia?

+55 Cabaret ikuskizunean parte hartu zuten hainbat lagun, Egian, entsegu gelan. (Argazkia: Malen Aldalur)
Noiz bihurtzen da pertsona bat zahar? zahartzen al gara noizbait? edo gaztetu? Zer da zaharra izatea? zerk egiten gaitu zahar? Galderak nork erantzuten dituenaren arabera, bata edo bestea izango da erantzuna. Zaharrak ez dira talde homogeneoa, eta aniztasuna ikustea beharrezkoa da gaiaz hitz egiteko, Aitziber San Roman Gizarte Aktibazioko zinegotziaren ustez.
Donostian, biztanleriaren %24k 65 urtetik gorakoa ditu. Horietatik, %60 emakumezkoa dira, eta %40, gizonezkoak. Hiri zaharra da Donostia, eta, horregatik, udalak uste du garrantzitsua dela zahartzaro aktiboa bultzatzea. Bat dator horretan Luis Fernandez. Urte mordoa darama jubilatuta baina bere bizitzan ez da dantzarik eta antzerkirik falta: «Anbulatorioak hustuko dira jendea jardueretan parte hartzen hasten denean».
Denbora asko darama udalak zahartzaro aktiboa bultzatzen. “Zahartzaro aktiboaren kontua ez da gure legealdiko gauza; aspalditik dator katea eta guk jarraitu egin dugu», azaldu du San Romanek. Hiria zahartzen ari da, batez ere auzo batzuk. Amara Berri, Erdialdea eta Gros dira hiriko auzorik zaharrenak. Dena den, uste du hori ez dela ezer txarra: «Kontua da zaharrak ez direla hirira egokitu behar, hiria egokitu behar da zaharrengana”. Hiria hiritarrentzat dela azpimarratu du San Romanek. Horrez gain, arreta zahartzaro aktiboan jarri behar dela dio: “Adin batetik aurrera askotan desagertu egiten dira bizitza sozialetik, politikotik, kulturaletik eta ekonomikotik”. Horri aurre egiteko aspalditik udalak hainbat egitasmo abian dituela azaldu du; tartean, zahar etxeak eta +55 programa.
Hiritik harago Europa mailako egitasmo baten ere hartzen du parte Donostiak. Mundu mailako osasun erakundeak lagunkoiak diren hirien sarea sortu zuen 2009an. Hori dela eta, udala lanean aritu da kanpoko eragileekin batera hiria lagunkoiago egiteko asmoz. Egitasmo horren barruan, hiru ildo nagusi azpimarratu dituzte: segurtasuna, parte hartzea eta osasuna. Hiru horiek oinarri hartuta, hiria egokitzeko eta hobetzeko lanean ari direla azaldu du San Romanek.
Ez da aukerarik falta
Guztira 23 zahar etxe daude hirian eta horietatik 16 udaletxearen lokalak dira. Auzo ugaritan hainbat pertsona antolatu eta modu autonomoan sortu ziren zahar etxeak, kolektibo baten beharrei aurre egiteko asmoarekin. San Romanek azaldu du lehen eskumen handia zuela udalak zahar etxeetan, orain, aldiz, autonomia handiarekin funtzionatzen dutela azaldu du: “Orain 23 elkarte hauek modu autonomoan funtzionatzen dute. Txapela kentzekoa da zahar etxe guztietako zuzendaritza taldeek egiten duten lana”. Modu independentean funtzionatzen dute baina udalaren babesarekin. Zaharren aktibaziorako tresnarik garrantzitsuenetakoak dira zahar etxeak, 14.000 bazkide daude 23 zahar etxetan banatuta: “Denetarik egiten dute: bingoa, ikastaroak, ingelesa, yoga”.
Purificacion Urretabizkaiak hamabi urte daramatza +55 proiektuaren baitan antolatutako jardueretan parte hartzen, baina zahar etxeetan ere ibiltzen da: “Ni saltzera bat naiz, ahal dudan gauza guztietara animatzen naiz”. Asteburuan Oreretako zahar etxean antolatu zuten tortilla lehiaketa irabazi zuela azaldu du:?”Lagun batek deitu zidan ea Oreretako zahar etxean antolatutako tortilla lehiaketara joango ote nintzen; eta irabazi egin nuen. Xanpain botila bat oparitu zidaten”.
Jarduera eskaintza handia dago zahar etxeetan San Romanen ustez: “Badaude jarduera batzuk betikoak direnak, esaterako, bingoa edo karta txapelketak. Garrantzitsua da beraien gustuko gauzak antolatzea jendearen parte hartzea bultzatzeko”. Hala ere, hain «ohikoak» ez diren hainbat jarduera egiten dituztela gaineratu du: “Harrituta geratu nintzen lehen aldiz zeuden aukerak ikusi nituenean… ikastaroak, hizkuntzak, dantzak, antzerkia, kirola, ibilaldiak”. Gainera, jarduera guztiak beraiek beraientzat antolatutakoak dira.
Esku artean zahar etxeetarako oso plan potoloa dutela azaldu du EAJko zinegotziak: “Gure lokaletan dauden 16 zahar etxeak egokitzeko lanak egin nahi ditugu”, azaldu du. Gaineratu du eraldaketa “fisikotik” harago hiriko lau zahar etxe handienak lagunkoi bihurtzeko prozesua egin dutela. Erdialde (Erdialdekoa), Gure egunsentia (Amara Berrikoa), Antigua (Antiguakoa) eta Gure Bizitza (Amarakoa). Bertan, hausnarketa prozesu bat egiten ari dira eta zahar etxeko langileek ere parte hartu dute: “Ileapaindegia edukitzen dute astean behin, eta, esterako, garrantzitsua da ile apaintzaileek ere prozesuan parte hartzea. Horrela, hiru aste jarraian ohiko bezero batek huts egiten badu zer gertatzen ari den detektatu ahal izango dute”.
55 urtetik aurrera
Asko dira Donostian egiten diren jarduera kulturalak, “baina non daude 55 urtetik gorakoak?” galdetu zuten orain dela hamalau edo hamabost urte. Batez ere arlo kulturalean hauen parte hartzea bultzatzeko asmoz sortu zuten +55 egitasmoa. Ernest Lluch kultur etxean hasi ziren lehenbizi, eta gero gainerako kultur etxeetara eta musika eskolara zabaldu zuten. Gainera, kultur arlotik kirolera ere salto egin dute. Egitasmo honek zahar etxetik kanpo hainbat jarduera egiteko aukera eskaintzen du dohainik edo oso gutxi ordainduta. Jardueren artean kirola, teknologia berrien inguruko ikasteko ikastaroak, dantza, musika eta giza liburutegia azpimarratu ditu Maria Fernandez proiektuko koordinatzaileak.

Donostian zehar ibilaldiak antolatzen dituzte zaharren aktibazioa bultzatzeko. (Argazkia: Hitza)
“Giza liburutegiak estereotipoak apurtzeko aukera eskaintzen du», azaldu du. Parte hartzaileetako batzuk liburuak dira, besteak, aldiz, irakurleak. “Liburuak diren pertsonak beraien bizitzako pasarte gogoangarriena kontatzen dute, eta irakurleak direnek galderak egiten dituzte». Horrela, elkarrizketa oso politak sortzen direla uste du +55 programako koordinatzaileak. Tabakaleran egin zuten azkena, eta, bertan LGTB mugimenduko kide batek bere bizipenak kontatu zizkien bertaratu zirenei: “Asko ikasten da giza liburutegietan; norbere pasarteetatik eta besteenetatik”.
+55 egitasmoaren barruan +55 Cabaret izeneko ikuskizuna ere eskaini zuten maiatzean hainbat lagunek. Dantza, musika eta antzerkia gustuko dituen talde bat elkartu eta ikasturte batez astean bi aldiz entseatzen egon ondoren agertokira igo ziren. “Oso berezia izan zen; orain beste bi ikuskizun ditugu eta entseatzen jarraitzen dugu”, azaldu du Urretabizkaiak. Ez da halako egitasmo baten parte hartzen duen lehen aldia: “Nire seme alaba denak musikariak dira eta musikoen aurkezle izateko ikastaro batera apuntatu nintzen lehenbizi”. Orain sortzen zaizkion aukera guztietan ematen du izena: “Triste samar nabil, eta hezurretatik ere ez nago ondo, baina oraindik indar asko daukat”. Goenkale-n eta ETBko beste hainbat saiotan aktore moduan ibili dela azaldu du Urretabizkaiak: “Horregatik, oraindik ahal dudan guztietan antzerkia egiten jarraitzen dut».
Mari Kontxi Garaiondok ere hartu du parte ikuskizunean. «Entsegutan eta handik kanpo beti egoten naiz kantuan eta dantzan”. Beti ero samarra izan dela dio, eta hala izaten jarraitu nahi duela gaineratu du. Maria Garciak hiru edo lau urte daramatza +55 programan parte hartzen, azken urtea zail samarra izan dela azaldu du baina oraindik gerria mugitzen jarraitzen du: “Operazio oso gogor bat izan nuen otsailean, baina puntu eta guzti etorri nintzen dantzatzera”. Urretabizkaiarekin batera danborradan ateratzen da sansebastianetan, Jatorrak taldearekin: «Nire semeak inbidia ederra pasa zuen lehengo urtean”.
“Ez dira geldirik egotekoak, eta eskerrak”, dio Fernandezek. Sofan etzanda neuronak hiltzen direla uste du: “Gorputza oso alferra da, eta kontra egin behar zaio” Etxean bakarrik egoteak mina handitu besterik ez duela egiten dio: “Horregatik, ahal dudan guztietan jardueretan parte hartzen ahalegintzen naiz”.
Aukerak badaude, orain gustukoena aurkitzea falta. Izan ere, uste dute gakoa urte asko bizitzea baino, betetako urteak bizitzea dela.
Mayte Sancho, Matia Institutua: “Zahartzaroak ez dauka zerikusirik 65 urte izatearekin”