Aste Nagusiko kartelak aurkeztu dituzte
Ofizialak 'Koloretan' du izena, eta su artifizialenak 'Urrezko euria'
Abuztuaren 12tik 19ra izango da Donostiako Aste Nagusia, eta gaur, kartel ofiziala eta su artifizialena aurkeztu dituzte. Alfonso Gurpegui Festetako zinegotziak egin du aurkezpena, bi kartelen egileekin batera.
‘Koloretan’ du izena Aste Nagusiko kartel ofizialak. Alfredo Leon nafarra da bere egilea. Kontzeptuari dagokionez, abstraktua den diseinu baten bidez, keinu-trazuak eta orban organikoak erabiliz, freskotasuna, dinamikotasuna eta espontaneotasuna transmititu nahi izan ditu. Jai giroa islatu nahi izan du.
‘Urrezko euria’ da, berriz, su artifizialen kartela. Oskar Mendizabal gipuzkoarrak egin du. Argazkia Miramar jauregitik atera zuen. Abaniko itxurako behealdea eta irudiaren zati gehiena estaltzen zuten urrezko tonuek bere arreta deitu zuten. Hortik datorkio izenburua.