Nola eragiten dizu turismoak?
Eusko Jaurlaritzaren azterlan baten arabera, herritarrek ez dute sumatzen saturazio turistikorik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Donostian presio turistiko gehien duten hiru auzoetara –Parte Zaharrera, Erdialdera eta Grosera– joan gara turismoak nola eragiten dien galdetzera.
Arantza Arrieta, Ategorrieta: “Lana ematen du turismoak eta niri ez dit molestatzen”
Ategorrietan bizi naiz, eta han ez dut turismoaren gorakada gehiegi nabaritzen. Parte Zaharrera askotan etortzen naiz, eta hemen gehiago ikusten dut, baina ondo iruditzen zait. Lana ematen du turismoak, eta niri ez dit molestatzen, baina ulertzen dut batzuei molestatzea.
Mari Carmen Corres, Intxaurrondo: “Oraindik okerrena geratzen zaigu; uztaila eta abuztua”
Intxaurrondotik Grosera aldaketa handia nabari da, eta baita Grosetik zentrora ere. Haurrekin askotan Grosen geratzen naiz hemen lasaiago egoten delako. Dena den, leku guztietan nabaritzen da jende gehiago, eta oraindik okerrena geratzen zaigu: uztaila eta abuztua.
Rosa Maria Mangas, Parte Zaharra: “Probatzera etortzen dira, baina ez dute erosten”
Bretxako merkatuan egiten dut lan, eta hemen gero eta turista gehiago ibiltzen dira. Hala ere, ez dakit zenbateraino den onuragarria. Probatzera etortzen dira, baina ez dute erosten. Japoniarrak ibiltzen dira gehien; eta katalanak, ingelesak eta frantsesak ere asko dabiltza.
Juan Piñeiro, Gros: “Turismo maila ez zait kezkatzeko modukoa iruditzen”
Zurriolan bizi naiz, eta nabaritzen dut gero eta jende gehiago dagoela baina oraindik turismo maila ez zait kezkatzekoa iruditzen. Oporretan dagoen jendeak beti kontsumitzen du ostalaritzan ez bada merkataritzan. Oraindik bizitza normal egin dezaket.
Cristina Feines, Gros: “Turismoaren gaia eskuetatik joaten ari zaie”
Hasteko, jende gehiago dabil leku guztietan, hondartzan, kalean, parkeetan. Turismoaren gaia eskuetatik joaten ari zaie eta hotel gehiegi egiten ari dira oso denbora gutxian. Bola gero eta handiagoa da baina gero lehertzen denean ikusiko dugu zer gertatzen den.
Ane Arozena, Oiartzun: “Asko nabaritzen da udaran jende gehiago dabilela”
Donostian ikasten dut, eta udaran hondartzara etortzen naiz. Asko nabaritzen da udaran jende gehiago dabilela, orain gainera Donosticup dago eta horren eragina ere nabaritzen dut. Bestalde, hondartzan turistak eta probintziako jendea ibiltzen da, baina niri gustatzen zait.
Elvira C. Garcia, Irun: “Egoera politikoa aldatu izanak zerikusia izan du”
Parte Zaharrean egiten dut lan eta nabaritu dut turismoaren gorakada. Kalean jendetza ibiltzen da, eta dagoen jende kopuruaren arabera denbora gehiago edo gutxiago behar dut garraio publikora iristeko. Uste dut egoera politikoa aldatu izanak zerikusia izan duela turismoaren hazkundean.
Ibon Rodriguez, Gros: “Zentroan turismoak ohiturak ere aldatu ditu”
Egia da zentroan eta Parte Zaharrean, esaterako, prezioek gora egin dutela, baina Grosen ez dut horrelakorik nabaritu. Zentroan turismoak ohiturak ere aldatu ditu, orain pintxoak hartzeko plater bat ematen dizute, lehen hori ez zen gertatzen. Hala ere, oraindik hori ez da Grosera iritsi.
Miren Mujika, Gros: “Groseko hondartzan ezin zara lasai egon”
Auzoan asko nabaritzen dut turismoa. Batez ere hondartza aldean eta paseoan, baina baita kalean ere. Groseko hondartzan ezin zara lasai egon, eta kaletik jendeak geratu eta ingelesez gauzak galdetzen dizkizu. Bestalde, ostegunetako pintxo potean ere nabaritzen da.
Luis Uria, Gros: “Pisu turistikoen kontuak izorratzen nau gehien”
Nire egunerokoan ez dit bereziki eragiten turismoak. Etxebizitza turistikoen kontuak izorratzen nau gehien, ezinezkoa da horrelako prezioekin Grosen bizitzea, eta zer esanik ez Parte Zaharrean. Hortik aurrera turismoak eta turistek ez didate gehiegi moles