Donostiako Piratek eraso sexisten aurkako oharra argitaratu dute
Donostiako Piratek ohar bat argitaratu dute emakumeen aurkako erasoak egitea egotzita kide bat mugimendutik kanporatu dutela azaltzeko:
Azken egun hauetan hainbat emakumek egindako salaketen bidez jakin da Donostiako Piraten mugimenduko kide batek eraso sexistak burutu dituela.
Gertaeraren larritasuna ikusirik Donostiako Piratok bilera zabala egin dugu mugimenduko kideon artean eta honakoa adierazi nahi dugu:
- Ezer baino lehen, gure babes osoa eman nahi diegu pertsona honek erasotuak izan diren emakume guztiei.
- Erasotzailea Donostiako Piraten mugimendutik eta gune guztietatik kanporatua izango da berehala. Beraz, ez da onartua izango mugimenduko partaide gisa eta ezingo du inola ere Piratek antolatutako ekimenetan parte hartu, ez aktiboki ezta pasiboki ere. Gure espazioak gune askeak izatea nahi dugu, pertsona guztiek sentitu behar dute eroso bertan, hori lortzeko lan egiten dugu eta horregatik azpimarratu nahi dugu honelako jarrerak ez ditugula inola ere onartuko.
- Donostiako Piratok gogor salatzen ditugu eraso sexista guztiak. Gertatu dena oso larria da eta horregatik, barne prozesu bat martxan jartzeko konpromisoa agertzen dugu, halako erasorik edo bestelakorik berriz gerta ez dadin neurriak hartzeko.