'Sants': Aldareak hutsik uztearena
'Sants' filmaren fotograma bat.Sants Sail Ofiziala
Filma:
Zuzendaria: Mikel Gurrea (Donostia)
Lali bizi proiektu askorik gabeko lapur merkea baino ez da. Victoria Luengok haragitzen du irri gutxi egiten duen neska kataluniar hau. Ama bizitzako azkenetan da, minbiziak jota, alabarekin bakeak egin ezinda. Ingurumari horretan, ospitaleko kaperan dagoen XVIII. mendeko Santa Eulaliaren figuratxoa lapurtu, eta “arte-saltzaile” talde batean sartuko da Lali.
Alice Rohrwacher zoragarriaren La Quimera gogora ekarri dezake proposamenak. Italiako hilobi sakeatzaile kuadrilla da hura, elizetako santuen estatuatxoak lapurtzen dituzte hemen. Planteamendu etiko oso desberdina dute: hilobietan lapurtzearen kontra daude, “atzean duten historiengatik”. Aldiz, elizetan lapurtzea…
Bertold Brecht parafraseatuz, honela azaltzen du Rosariok planteamendua: “Lapurrei lapurtzen diegu”. Moja izandakoa, mafia italiarreko buru femeninoa da Rosario [Eulalia Ramon], baina Bartzelonan, eta mafiarik gabe. Bere “laguntzeko” dohainak desesperatu saldoa inguratzen du haren magalean. Betirako zorretan, haren laguntzari horren eskertuta, bizia bera ere entregatuko lioketela. Makurra dirudi, baina win-win bat egiten ari dela esango nuke nik. Laguntzari esker laguntza: ez al da hori komunitate baten oinarria?
Aldare bat hutsik ikusteak inpresioa eragiten du. Hutsune bat sortzen du, zuk bete dezazun. Horixe da edertasun sublimearen definizio kantiarra: misterioa. Eta horixe bera islamaren iruditeria. Gurtzeko figuratxorik ez: hutsune bat, aldaezina, betierekoa. Mertxandaisinik gabeko sakratutasuna aukera bat dela posible ikusten da honela.
Heriotzaren unean erlijioa eta sakratua bilatzeari buruzko filma da hau, tramak apur bat despistatu gaitzakeen arren. Heriotza “mahaian gurekin esertzen den lagun zaharra” izan da noizbait, eta, baina, egun, ospitale eta zahar etxeetan ezkutatzen dugu. “Bere sakratutasuna galtzen du”.
Proposamenak mamia duen arren, haragi eta hezur pixka bat falta zaio filmari borobila izateko. Suro-ren moduan, Mikel Gurreak gidoi eta planteamendu onak egiten ditu. Oraingo honetan, ordea, zertxobait gehiago falta izan zaio.

