Mikel Azpiroz: 'Bizitakoak izan dezala eragina gure arimak lasaitu eta hobetzen!'
Bryan Ferry, Kursaaleko areto nagusia
Abdullah Ibrahim eta Gregory Porter, Trinitate plaza
Bryan Ferryk Kursaaleko areto nagusia bete zuen bere pop-rock proposamen elegantearekin. Aurreko egunetan Kursaalean ikusitako kontzertuekin konparatuta, Ferryren kontzertua milimetroz milimetro neurtutako espektakulua izan zen, inprobisaziorako tarterik gabe, eta maila horretako rock kontzertuen ezaugarriekin: argien eta eszenatokiaren diseinua, soinu indartsua, eta eszenografia. Bere jarraitzaileak gustura dastatzeko kontzertua eman zuen. Nik ez dut bere ibilbidea gehiegi segitu eta nire gogoa, ondoren Trinitate plazan joko zuen Abdullah Ibrahim-en kontzertua ikustekoa zen. Ferryren kontzertua bukatu aurretik alde egin nuen Ibrahim-en kontzertua eserita ikusi ahal izateko garaiz iristeko, baino ni iristerako, eta hasi baino ordubete lehenago Trinitatera sartzeko ilara Kale Nagusian aurrera zegoen. Azkenean lortu nuen esertzea eta Jazzaldi honetan ikusmirarik handien sortu zidan kontzertua lasai ikustea . Ibrahim-ek 1998an, hau da, orain dela 19 urte agertoki berean eskaini zuen kontzertua, nik bizi izandako kontzertu hunkigarrienen artean dut gogoan. ñ4 urte ditu orain Ibrahim-ek eta bere gaitasun teknikoa adinaren ondorioz gutxitu bada ere, bere entzuleriaren zirrarak ukitzeko gaitasunak berdin edo hobeto segitzen du. Kontzertu zoragarria eskaini zuen atzo ere, oraingoan zazpi musikari laguntzaileekin. 1998an bezala, publikoa isil isilik egon zen, bere musika sakonak eta suabeak hipnotizatuta. “The Wedding”, edo “The Mountain” klasikoak jo zituen, zortzikote formatura egokituta. Malkoak eragiteko moduko kontzertua izan zen niretzat, ez trebezia edo gaitasun teknikoengatik, baizik eta musikaren ahalmen hunkigarriagatik. Zoragarria. Ondoren, Gregory Porter abeslariak ere kontzertu ederra eskaini zuen, errepertorio estandarrago batekin, eta maila handiko boskoteak lagunduta. Ulertzekoa da azken urte hauetan lortu duen arrakasta komertziala, eta baita poztekoa ere jazz-ak oraindik ere zirrikitu batzuk izatea publiko zabalagoetara iristeko. Gustuko egunak pasa ditut horrenbeste musika desberdin eta lehen mailako musikari ikusten gure hirian, Manhattan-en edo egongo bagina bezala. Orain, errealitatera bueltatzea tokatzen zaigu, baino bizitakoak izan dezala eragina gure arimak lasaitu eta hobetzen!


