Hamalau euskal ekoizpen izango ditu 65. Donostia Zinemaldiak
Euskal Zinemaren Irizar saria lortzeko lehian zazpi filme izango dira; Julia Juaniz muntatzaileak jasoko du Zinemira saria
Irailaren 22tik 30era izango da 65. Donostia Zinemaldia. Gaur, ordea, egitarauaren parte izango diren euskal ekoizpenen berri eman dute. Guztira hamalau izango dira ekoizpenak, zortzi sail eta programetan banatuta. Horietatik zazpi Zinemaldian estreinatuko dira, eta Euskal Zinemaren Irizar saria lortzeko lehiatuko dute. Bestalde, Julia Juaniz muntatzaileak jasoko du Zinemira saria.
Zinemira sailean lehiaketako hiru filme izango dira: Non (Eñaut Castagnet eta Ximun Fuchs), Bi txirula (Iñigo Garcia) eta Elkarrekin-Together (Pablo Iraburu, Migueltxo Molina eta Igor Otxoa). Hirugarren hau aukeratu dute Euskal Zinema eta ETBren Galako emanaldirako. Saila, berriz, lehiaketaz kanpo parte hartuko duten beste bi filmek osatuko dute: Converso (David Arratibel) eta Nur eta herensugearen tenplua (Juanba Berasategik zuzendutako azkenekoa).
Sail Ofizialean bi obra izango dira Irizar sarirako lehian: Morir (Fernando Franco) eta Handia (Aitor Arregi eta Jon Garaño). Era berean, saria eskuratzeko aukera izango du Operacion Concha (Antonio Cuadri) filmak. Irizar sariaren epaimahaiak kontuan hartuko du Bestelako jarduerak programaren esparruko Volar (Bertha Gaztelumendi) filma ere. Azkenik, Zabaltegi-Tabakalera sailean izango da Plagan (Koldo Almandoz) film laburra.
Lau euskal ekoizpen ere protagonista izango dira 65. Zinemaldiko industria-jardueren esparruan. Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan, euskal ekoizpena dute hastapenetan dauden bi proiektuk: Akelarre (Pablo Agüero) eta El doble más quince (Mikel Rueda). Horrez gain, Glocal In Progress ekimenak, hizkuntza ez-hegemonikoetan filmatutako Europako filmei emandako industria-jarduerak, Dantza (Telmo Esnal) aukeratu du lehendabiziko edizioan. Azkenik, Ikusmira Berriak programan Las Letras de Jordi (Maider Fernandez) hautatu dute.


